Aholkularitza kontratatuz herriari ahalik eta zerbitzurik onena eman nahi diola dio ANVk

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 26a

Hala erantzun dio Aralarrek egindako kritikari

Aralarrek Josu Iratzoki alkatea aholkulari pertsonala kontratatzea kritikatuz prentsan agertutako idatzia dela eta, Berako EAE-ANVk prentsa ohar baten bidez erantzun du. ANVren ustez, desadostasunak zuzenean hitz eginez moldatzen dira, baina zenbait kontu argitze aldera molde berean erantzuteko beharra sumatu dute.

Lehenik, inoiz ez direla gordeka ibili argitu nahi izan du ANVk: «Hilero ogasun batzordean biltzen gara EAE-ANVren alkatea eta gainerako taldeetako partaide bana, eta bertan Herriko Etxeko diru mugimendu guztiak aztertzen dira». Herriko Etxera ailegatu berri den alkate batek aholkua eskatzea ez da deus ere txarra ANVren ustez, kontrakoa baizik, «herriari ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko borondatea erakusten du». Are gehiago, hainbat gai korapilatsu ikusita beharrezkoa ikusi dute alkateak kontsultak egiteko aholkularia izatea.

Urte baterako kontratua sinatu da aholkulariarekin eta bukatzean eginen dituzte balorazioak. Alkateari dagokion eskubidea erabili bertzerik ez dutela egin azpimarratu du ANVk. Alkatearen soldatari dagokionez Udalbatzak aho batez onartu zuela oroitarazi du, eta zera gaineratu: «lehengo alkateordeak 23.452 euro jasotzen zituen jardunaldi partzialean lan eginez eta oraingoak 35.108 euro jardunaldi osoan eta erabateko dedikazioarekin». Idatzia akautzeko, Udaletxean «bide lagun izateko gonbita» luzatu die ANVk Aralarri.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun