Aralarrek prentsan agertutako idatzia dela eta, Berako Eusko Abertzale Ekintza ANVko taldekoek desadostasunak zuzenean solastuz moldatzen direla uste du. Hala ere, zenbait kontu argitze aldera, molde berean erantzuteko beharra sumatu dugu.
Lehenik, gu ez gara inolaz ere gordeka ibili. Hilero ogasun batzordean biltzen gara EAE-ANVren alkatea eta gainerako taldeetako partaide bana, eta bertan Herriko Etxeko diru mugimendu guztiak aztertzen dira eta beraz, garbi dago aholkularitza honen gastuak ere bertan ikusiko ditugula.
Herriko Etxera ailegatu berri den alkate batek aholkua eskatzea ez da deus ere txarra, kontrakoa, herriari ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko borondatea erakusten du. Are gehiago Herriko Etxean hainbat gai korapilatsu ikusita gure taldeak beharrezkoa ikusi du alkateak bere kontsultak egiteko aholkulari bat izatea, nahiz eta idazkaria, hirigintza aholkularia eta auzitegitako defentsarako abokatua bertan izan. Gure ustez hauei etengabe kontsultak egiteak Udaleko martxa moteldu eginen luke eta herritarrei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko helburuarekin hartu dugu erabaki hau. Urte baterako kontratua sinatu dugu eta bukatzean egingo ditugu behar diren balorazioak. Alkateari dagokion eskubidea erabili bertzerik ez dugu egin .
Harrigarria iruditu zaigu Aralarrek kritika hau egitea, ikusirik berak alkatetza duen beste herri batzuetan erabaki berdina hartu duela.
Alkatearen soldataren harira, soilik aipatu, lehengo alkateordeak 23.452 euro jasotzen zituela jardunaldi partzialean lan eginez eta oraingoak 35.108 euro jardunaldi osoan eta erabateko dedikazioarekin. Bertzalde, alkatearen soldata Udalbatzarrak ahobatez onartu zuen, hau da, zinegotzi guztiek aldeko botoarekin.
Aralarrek eskubide osoa dauka Udalaren funtzionamenduari eta alkatetzaren jardunari nahi dituen kritikak egiteko, baina aldi berean espero dugu Aralarren jarduera komunikabideei begira egindako lanean ez oinarritzea. Herriko Etxean zer aldatua badago eta horretan bide lagun izateko gonbita luzatzen diogu.
Josu Irazoki
Berako EAE-ANV