Lesakan azaroaren 24 eta 25rako 'Azaroafest' izeneko lehenengo garagardo eguna antolatu du Lesakako Gazte Asanbladak. Eguna ospatzeko eta gazte ukitu bat emateko intentzioarekin honako egitaraua prestatu dute antolatzaileek.
Larunbatean, 11:00etan irekiera ekitaldia eginen da, herriko hiru pertsona ezagunekin; 11:15ean salda beroa eskainiko da doan; 12:30ean saltxitxak eta patata purea jateko modua izanen da. Arratsaldean, 15:00etan pintxazo txapelketa jokatuko da; 17:30ean txalaparta tailerra eginen da, baita ping pong txapelketa eta indar trebetasun jokoak ere. 19:00ean pultso txapelketa jokatuko da eta finala pertsona famatu baten aurka izanen da. 20:00ean, Alemaniako Octoberfest-aren ohitura segituz, afaltzeko saltxitxak izanen dira berriro ere, eta gauean musika.
Igandean, 11:00etan hasiko dute egitaraua; 11:15ean txanpiak Txomine erara eskainiko dira; 12:30ean saltxitxa jatea; 15:00etan haurrentzako karaokea; 16:30ean mus txapelketa eta a18:00etan diapositiba emanaldia, Mexikon ibilitako dantzarien eskutik.
Egun honen antolaketarekin herriko gazteak elkartzeko eta harremanak hobetu eta sustatzeko lanarekin segitu nahi du Lesakako Gazte Asanbladak. Gisa berean, tailerrak eta bere ekitaldiak antolatzeko espaziorik eza salatu nahi du Gazte Asanbladak, «herriko gazteek oraindik ez baitugu lekurik gure gauzak antolatu eta espazio alternatiboak kudeatzeko».