“Encuentros con la Guardia Civil” liburua karrikaratu du Josu Goiak

Aitor AROTZENA 2007ko azaroaren 21a

Josu Goiak, diskaren ondotik liburua karrikaratu du orain. TTIPI TTAPA

Josu Goia Etxeberria beratarra aspaldiko ezaguna da. Kultur eta politika arloan hainbat lan egindakoa, kantaria, dendaria, zinegotzia eta alkate ere izana da Beran. Orain, udaletxeko lanak utziak dituela, udazken aski emankorra izan du kultur arloan. Berriki, hainbertze zer erran eman duen “Josu Goiaren filosofia larrugorritan” diska aurkeztu zuen. Orain, musikatik letretarako urratsa eman du eta “Encuentros con la Guardia Civil” liburua karrikaratu du. Izenburuak dioen bezala, guardia zibilarekin eta bertze erakunde armatuekin izandako topaketak, pasadizoak, gertakariak eta bertze hainbat kontu bildu ditu, berezkoa duen umore ukittu batekin. Guzira 149 orri ditu liburuak, 79 kapitulu laburretan banatuak. Josu Goiak aipatu digunez, “irakurtzeko ohiturarik ez duenak ere, errex irakurtzeko modukoa da”.

Bitxikeri gisara, liburua inprentatik atera bezain abudo, lehenbiziko bi aleak Berako kuartelean utzi zituen Josu Goiak, bat, garai batean Berako kuartelean destinatua egon zen goi agintari bati igortzeko eta bertzea mandatua hartu zion guardia zibilarentzat, hartutako lanaren truke.

Josu Goiak dioen bezala, “herri batek, bere sufrimendutik txisteak egiteko gai baldin bada, etorkizuna segurtatua dauka”. Egunotan salgai jarriko da liburua Bortzirietako liburudendetan eta Lesakako ferietan ere bere postua jarriko du Goiak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun