Lesakako feriak izanen dira ortzegunean. Mingain urdinaren eritasunaren ondorioz, aurten ez da aziendarik izanen, ez behirik, ez aharerik, baina ezta zaldirik ere. Izan ere, Nafarroako Gobernuak behi eta ardi aziendak mugitzea debekatu du, eritasuna izan dezaketelako. Zaldi aziendak aurkeztea baimendu dute, ez baitute mingain urdinaren eritasuna izaten, baina eritasuna eragiten duen eulia garraiatu dezaketelakoan, baldintza zorrotzak jarri dituzte hauek mugitzeko: desinfektatutako kamioietan eraman beharko lirateke eta parasitoen kontrako tratamendua eman beharko zitzaien, bertzeak bertze. Horregatik, Lesakako Udalak, aurten azienda lehiaketarik ez egitea erabaki du. Honek, dudarik gabe, xarma handia kenduko dio feriei, baina halere animazio handia espero da.
Asteazkenean, trikitilariak eta ajoarriero lehiaketa
Asteazkenean, Merkatu Eguna ere ospatuko da eta ajoarriero txapelketa, musika eta bertze hainbat ekitaldi izanen dira. Goizean, 11:30etik ordubatera, Azoka Ttikia eginen dute Irain eskolako jantokian, eskolako guraso, ikasle eta irakasleek antolatuta. Zuzenean feriekin lotua ez badago, udal musika eskolak Santa Zeziliako kontzertua eskainiko du arratsaldeko 5etan udaletxeko pleno aretoan. Arratsaldeko 6etatik aitzinera berriz, trikitilariek kalejira eginen dute eta Beti Gaztek antolatutako ajoarriero txapelketa ere eginen da, plazako aparkalekuan jarriko den karpan. Bikote bakoitzak 2 kilo bakailo ekarri beharko ditu. Elkarteak 40 € emanen dizkio bikote bakoitzari. Bikote bakoitzak gasazko sukaldea, lapikoa, zartagaia eta behar dituen bertze tresnak eraman beharko ditu. Antolakuntzak, berriz, olioa, baratxuriak eta gatza jarriko ditu bikote bakoitzarendako. Sariak sailkatutako lehendabiziko 3 bikoteei emanen zaizkie. Lehiaketaren ondotik, ardoa eta ogiarekin batera dastatu ahal izanen dira ajoarrieroak.
Ortzegunean egitarau zabala
Ortzeguneko feria egunean, goiz osoan artisau erakusketa antolatu du San Fermin erretiratuen elkarteak. Eguerdiko ordubatean aizkolariak eta bertsolariak izanen dira plazan. Arratsaldeko 5:30etan, Aspeko pilotari profesionalen arteko bi pilota partida jokatuko dira udal pilotalekuan. Uriarte eta Galarza VI, Iñaki Larralde lesakarraren eta Unai Apeztegia aurtiztarraren kontra ariko dira lehenik, eta partida nagusian, Capellan eta Nalda hirugarrena, Mikel Olazabal aresoarra eta Pascualen kontra. Feria eguna akautzeko, TZ taldeak dantzaldia eskainiko du plazan.