Santa Zezilia eguna ospatzeko hainbat ekitaldi eginen dituzte aste honetan musikariek

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 19a, 16:00

Bera eta Lesakako musika talde eta Musika Eskolak antolatuak

Ortzegunean, azaroaren 22an, Santa Zezilia eguna ospatuko da, musikarien zaindaria. Hau dela eta, gure eskualdeko musika eskolek urtero ekitaldiak antolatzen dituzte. Lesakan, azaroaren 21ean, Santa Zezili bezperarako antolatu dute kontzertua. Arratsaldeko 17etan izanen da udaletxeko pleno aretoan. Kontzertuan omenaldi txiki bat eginen diete aurreko ikasturtean oinarrizko ikasketak bukatu zituztenei eta diploma bana emanen diete. Honako hauek izanen dira omenaldia jasoko dutunak: Ander Abuin, Iker Alzugarai, Xabier Arriola, Mikel ArrioLA, Maddi Arriola, Maite Aiestaran, Jabier Etxebeste, Joan Etxebeste, Edurne Marin, Mikel Maia, Oihan Olaizola, Olaia Salinas, Amaia Telletxea, Itziar Telletxea eta Amaia Zapirain.

Egitarauari dagokionez, Hellerren “Estudio” eta Glinkaren “Vals” eskainiko ditu Cristina Bergmanek pianoan, trikitixarekin Joseba Pagadizabalek “ Xarmangarria zera”, Neskur Etxenikek kitarrarekin Bachen “Minuetto”, zeharkako xirularekin Maite Odriozola, Idoia Irazoki eta Amaia Leizak Faurén “Pavana”, metal taldeak T. Susatoren “Three Dances”, Irati Arbelaiz eta Maitetxu Merinok pianoarekin Mozarten “Danza” eta Schuberten “Vals”, Ainhoa Pikabeak esku soinuarekin “Maitia nahi badezu”, Ainhoa Zapirainek pianoarekin Schuberten “Vals”, tronpeta taldeak Albenizen “Tango”, Beñat Condek txistuarekin herrikoia den “Iparragirre abila dela”, Itxaso Berrozpek zeharkako txirularekin Einstonen “Walking in the Air”, Jaione Rodriguez eta Ainhoa Zaporainek pianoarekin Proszynskiren “Las marionetas”, Mikel Leizak saxofoiarekin Naulaisen “Nana da Cruz”, Bandak Gariren “Bilbo” eta klarinete eta saxofoi taldeak Beethovenen “Marcha turca” eta Bizeten “Carmen”

Isidoro Fagoaga musika eskolaren emanaldia asteazkenean

Bertzalde, Berako Isidoro Fagoaga udal musika eskolak asteazkenean egingo du bere saioa arratsaldeko 17:30ean. Trikitixa taldeak “Polka” kantu herrikoia joko du. Ondotik, “Forrest Gump” kantua eskainiko dute pianoan Idoia Martinezek eta teklatuan Maddi Ugaldek. “Orioko xoria” izanen da ondoko pieza. Kasu honetan kitarran Uxua Andueza, pianoan Iratxe Esparza eta akordeoian Maddalen Jimenez eta Elixabeth Irazoki ariko dira. F. Seitzen “Concerto nº 2” izanen da jarraian, Jone Olaetxea ariko da biolinan eta Mari Jose Vergara pianoan. Perkusio taldeak “Afrokada” joko du. Sorotan Bele taldearen “Amaren besoetan” eskainiko dute Joseba Zabaletak akordeoian, Ainhoa Retegik pianoan eta Alaitz Arribillagak ahotsean.

Emanaldiaren erdira iritsita, txistu taldearen txanda izanen da. Luis Torreren “Bitxore”, Manuel Ansorenaren “Errenderikoa” eta B. Laskurainen “Santa Zezilia” emanen dute. Txistu 1arekin Saioa Oses, Naia Esnaola eta Ane Ezkurdia ariko dira. Txistu 2arekin Asier Oses, Mikel Moreno eta Inhar Lopez. Silbotearekin Julen Baleztena, pianoan Jokin Pinatxo, perkusioan Joseba Bertiz eta zuzendari lana egingo du Mari Jose Gaztelumendik.

Xabier Leteren “Xalbadorren eriotzean” joko dute teklatuan Alaitz Aguilarrek eta ahotsean Izaro Iriartek. Xabier Leteren “Habanera” izanen da ondoko pieza. Akordeoian Maddalen Jimenez eta Aitziber Esnaola ariko dira, pianoan Alaitz Aguilar eta Izaro Iriarte, ahotsean Joar Tainta eta perkusioan Mikel Moreno eta Mikel Esnaola. Saioari bukaera emateko, Berako bandak Josu Goiaren zuzendaritzapean Aitor Mitxelenaren “Beratik Larunera” eta Josu Goiaren “Agur Jaunak” eskainiko dituzte.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun