Igande honetan, azaroaren 18an, Lesakako Irain eskolako Guraso Elkarteak eta Tantirumairu ikastolako Otxogorrinea Guraso Elkarteak antolatutako Haurreren Eguna ospatu zen.
Goizean, haurrendako jolasak eta denborapasak izan ziren plazan: Goizeko 10:30etarako zeroz beheitiko tenperaturei aurre eginez, aurpegiak margotzeko tailerrean aritu ziren zenbait guraso. Haurren aurpegiak dotore-dotore margotu zituzten eta egun osoko bestarako prest utzi zituzten. Bien bitartean, bertze neska-mutiko batzuk eskulanetan ari ziren: Eguberrietako postalak osatzen, arearekin, osto idorrekin eta pegamentoarekin, batzuk; parakaidas dotore batzuk egiten plastiko-puska batekin, hariarekin eta globoekin; koilareak egiten edateko pajitekin edo margotzen, aixturrakin mozten eta bertze lanetan aritu ziren gustora.
Pixkanaka giroa berotzen joan zen, eguraldia goxatzen zen neurri berean. Batzuk eskulanetan ari ziren bitartean, bertze batzuk herri kirolei ekin zieten:koxkor biltzea, sokatira, edo aulkiaren jokuan ederki pasatu zuten Lesakako neska-mutikoek.
Arratsaldean berendua eta musika
Goizeko ekitaldien ondotik, arratsaldean berendua eskaini zitzaien haurrek eta 5:30etatik 7:00etara musika izan zen plazan, Iñigo Etxepare Disko Jartzailearen eskutik.