Aralarrek Josu Iratzoki alkatea aholkulari pertsonala kontratatzea kritikatuz prentsan agertutako idatzia dela eta, Berako Eusko Abertzale Ekintza ANVko taldeak prentsa ohar baten bidez erantzun du. ANVren ustez, desadostasunak zuzenean solastuz moldatzen dira, baina zenbait kontu argitze aldera molde berean erantzuteko beharra sumatu dute. Lehenik, inoiz ez dira gordeka ibili argitu nahi izan du ANVk: “Hilero ogasun batzordean biltzen gara EAE-ANVren alkatea eta gainerako taldetako partaide bana, eta bertan Herriko Etxeko diru mugimendu guztiak aztertzen dira eta beraz garbi dago aholkularitza honen gastuak ere bertan ikusiko ditugula”.
Herriko Etxera ailegatu berri den alkate batek aholkua eskatzea ez da deus ere txarra, ANVren ustez, kontrakoa, baizik, “herriari ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzeko borondatea erakusten du. Are gehiago herriko etxean hainbat gai korapilatsu ikusita gure taldeak beharrezkoa ikusi du alkateak bere kontsultak egiteko aholkulari bat izatea, nahiz eta idazkaria, hirigintza aholkularia eta auzitegitako defentsarako abokatua bertan izan. Gure ustez hauei etengabe kontsultak egiteak udaleko martxa moteldu eginen luke eta herritarrei ahalik eta zerbitzu onena eskaintzeko helburuarekin hartu dugu erabaki hau”.
«Aralarrek gauza bera egin du alkatetza duen bertze herritan»
Urte baterako kontratua sinatu da aholkulariarekin eta bukatzean eginen dituzte behar diren balorazioak. Alkateari dagokion eskubidea erabili bertzerik ez dutela egin azpimarratu nahi izan du ANVk. Talde honi harrigarria iruditu zaio Aralarrek kritika hau egitea “ikusirik berak alkatetza duen beste herri batzuetan erabaki berdina hartu duela”.
«Alkatearen soldata udalbatzarrak ahobatez onartu zuen»
Alkatearen soldataren harira, “lehengo alkateordeak 23.452 euro jasotzen zituen jardunaldi partzialean lan eginez eta oraingoak 35.108 euro jardunaldi osoan eta erabateko dedikazioarekin” aipatu du ANVk. Bertzalde, alkatearen soldata Udalbatzarrak zinegotzi guzien aldeko botoarekin ahobatez onartu zuenla gogorarazi dute.
Idatzia akautzeko, ANVk dio Aralarrek eskubide osoa daukala Udalaren funtzionamenduari eta alkatetzaren jardunari nahi dituen kritikak egiteko, “baina aldi berean espero dugu Aralarren jarduera komunikabideei begira egindako lanean ez oinarritzea. Herriko Etxean zer aldatua badago eta horretan bide lagun izateko gonbita luzatzen diogu”.