Lesakako Ikastolak eta Patronatuak bide judiziala hartzearen arrazoiak azaldu dituzte jendaurrean

Aitor AROTZENA 2007ko azaroaren 16a

Ezker eskuin, Pello Astiz, Pepitto Iantzi, Juan Aiastui, Ander Gillegi, Koldo Erkizia, Maria Luisa Etxeberria, Joseba Lasarte eta Lupe Muxika, Cornelia Lekuona Fundazioa kudeatzen duen Patronatuko eta

Lesakako Cornelia Lecuona Fundazioaren lurren salmentaren inguruan hainbat iritzi, prentsaurreko eta ohar argitaratu dira azken asteotan. Eusko Alkartasunak egin zuen lehen prentsaurrekoa, Juan Fermin Mitxelenak egindako salmenta kontratueri buruz deus ez zekiela adierazteko. Ondotik, EAJ-PNVk eman zuen prentsaurrekoa, Juan Fermin Mitxelenari babesa emanez, eta komunikabideetan agertutakoa, Onin udal taldeak bultzatutako intoxikazio kanpaina zela erranez. Prentsaurreko horretan errandakoei erantzunez, Onin udal taldeak prentsa-oharra ere argitara eman zuen, Juan Fermin Mitxelenak berak bakarrik egindako hankasartzea gainerakoei leporatu nahi izan diela aipatuz, bertzeak bertze. Orain arte, Cornelia Lecuona Fundazioa kudeatzen duen Patronatuak eta Tantirumairu ikastolak ez dute jendearen aitzinean iritzirik eman nahi izan, baina azken asteetako adierazpen uholdearen ondorioz, jendaurrean informazioa ematea erabaki dute. Horregatik, ortzegunean, azaroaren 15ean, batzar informatibo irekia eskaini zuten Kasinoan. Jakina denez, Fundazioko Patronatua herriko alkateak, herriko apezak eta apez laguntzaileak edo koadjutoreak osatzen dute eta hiruak, Koldo Erkizia, Ander Gillegi eta Juan Aiastui, alegia, jendaurrera agertu ziren. Beraiekin batera, Tantirumairu ikastolako ordezkariak izan ziren agerpenean: Pello Astiz, Guraso Elkarteko kide bezala, Pepitto Iantzi presidentea, Maria Luisa Etxeberria eta Lupe Muxika irakasleak eta Joseba Lasarte, gaur egungo zuzendaria.

Cornelia Lecuonaren borondatea

Ander Gillegi apezak garbi utzi nahi izan zuen agerraldia ez zela ekintza politikoa eta, azken asteetako informazio kontrajarrien ondorioz, Patronatua behartua sentitu zela azalpenak ematera eta paperak mahai gainean erakustera. Cornelia Lekuona Fundazioaren historia eta erakunde honen helburuen berri eman zuen. Emakume horrek, 1933an hil zenean, bere lurrak, etxeak eta diru pixko bat irakaskuntzarako utzi zituen. Eskola publikoa ere, emakume horrek utzitako lurrean eraiki ziren eta ikastolari, 1990ean 25 urterako utzi zitzaion Otxogorrienea eta inguruko lurrak, beti ere egoki zaintzeko baldintzarkein.

Ondotik, Lupe Muxika, ikastolako irakasleak jakinarazi zuenez, ikastola eta patronatua kezkatua daude gai honekin, eta irtenbide bakarra kontratuak legalki deuseztatzea dela aipatu zuen. Azken bi urteetan gai honen inguruan Patronatuak eta ikastolak izandako bileren eta hartutako erabakien berri eman zuen, luze eta zabal. Lesakako Udalak egokia ikusten zuen haurtzaindegia egitea eta ikastolaren anpliazioa ere nahitaezkoa ikusten zen. Horregatik, lur horien salmenta posible zen edo ez, eta posible izatekotan, nola egin zitekeen aztertzea eskatu zitzaion Hector Nagore udal abokatuari. Izan ere, Cornelia Lekuonaren azken nahien arabera, nahiko zaila ikusten zen salmenta egitea. Denbora pasatu zen, eta Udalak lur horien tasazioa eskatu zuen 2006ko martxoan, baina ikastolak ez zuen horren berririk izan. Gero, azken udal hauteskunde kanpainan jakin zuten ikastolan, salerosketa eta proiektu ezberdinen zurrumurruen berri eta uztail hasieran, Juan Fermin Mitxelenak sobre batzuk eman omen zizkion ikastolari, gai honi buruzko informazioarekin.

Kristo-Enean 36 etxebizitza egiteko asmoa

Ondotik, Koldo Erkizia alkateak hartu zuen hitza. Berak kargua hartu zuenean, bi salerosketa kontraturen berri izan omen zuen. “Batek, Kristo-Enea futbol zelaiko lurrak eta Zerunta etxearen ondoko baratza hartzen zuen eta 36 etxebizitza aurreikusten ziren, 18 babes ofizialekoak eta 18 libreak. Bertze kontratuak, ikastola ondoko baratzea hartzen zuen, eta bi adosatu aurrikusten ziren”. Alkateak azpimarratu nahi izan zuen, “inon ere ez zela Musika Eskolarik edo haurtzaindegirik agertzen, Juan Fermin Mitxelenak aipatu duen bezala, etxebizitzak, lokal komertzialak eta garajeak baizik. Bi kontratu hauen truke, 90.000 eta 18.000 euroko fidantza ere eman zuen konstruktoreak, txeke bidez”. Txeke hauek kobratu gabe eta udal kontuhartzailearen eskuetan daudela jakinarazi zuen Koldo Erkiziak. Kristo-Eneako lurrak “dotazionala” edo eraikigarriak ez direnez, kontratuan zenbait eskari ere ageri ziren: batetik, udal planaren aldaketa eskatzen zuen konstruktoreak, berez eraikigarria ez den lurrean etxebizitzak egin ahal izateko. Bertzetik, Fundazioak segregazioa egitea ere eskatzen zuen, futbol zelaia eta gaur egungo ikastola partzela berean baitaude eta azkenik, udalak obra-lizentzia ematea eskatzen zuen. Baldintza hauetakoren bat beteko ez balitz, edo kontratua gauzatuko ez balitz, fidantzan jarritakoaren bikoitza eskuratzeko eskubidea izanen luke konstruktoreak, Fundazioak ordainduta.

Patronatuak eta Ikastolak, «halabeharrez» bide judiziala hartu dute

Orain arte gertatutakoaren berri eman ondotik, hemendik aitzinera Patronatuak eta ikastolak eman beharreko urratsak azaldu zituen Lupe Muxikak. Irakasleak jakinarazitakoaren arabera, “kontratuak nuloak dira hiru arrazoiengatik: batetik, lurrak ezin direlako saldu, bertzetik Juan Fermin Mitxelenak Fundazioaren botererik gabe sinatu zituelako eta azkenik, 1990ean sinatutako hitzarmen baten bidez, lurrak ikastolari utziak zaizkiolako 25 urterako, hau da 2015. urtera arte. Halere, kontratuak nuloak izan arren, legalki deuseztatzen ez diren bitartean, indarrean daude”. Horregatik, konstruktoreak arazoa onez onean moldatzeko borondaterik erakutsi ez duenez, bide judiziala hartzea erabaki zuen Patronatuak irailaren 17an eta Tantirumairu ikastolak urriaren 11n egindako ez ohiko batzarrean. Kontratuen baliogabetasun legala galdegiten dute ikastolak eta Patronatuak, baita epaiketen gastuak Juan Fermin Mitxelenak eta Garayar konstruktoreak ordaintzea ere. Epaiketen ohiko bideari segituz, lehenik, adiskidetza-ekitaldia eginen da, baina hau aitzinera aterako ez balitz, ohiko epaiketa egin beharko litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun