Duela pare bat urte Berako talde batek erretiratuen elkartea sortzeko asmoa agertu zuen. Lehen pausuak emanda, 2006ko azaroaren 17an lehen bilerarako deia Berako kultur etxean egin zuten. Espero baino aunitzez ere jende gehiago elkartu zen, 100 lagun inguru, eta hortik aitzin estatutuak egin eta laguntzak eskatu zituzten Nafarroako Gobernuko Ongizate sailean. Berako udalari egoitza egiteko lokal bat eskatu zioten eta batzuk aztertu ondotik, lehen Aspace elkarteak erabiltzen zuen bat hartu zuten. Moldaketa lan dexente egin behar izan dituzte tarte horretan eta bolondresen lana eskertzekoa izan da. Horrez gain, Nafarroako Kutxako “zuk erabaki” programatik ere dirua jaso dute eta aldi berean, donazioak ezinbestekoak izan dira moldatze lanei aurre egiteko. Laguntzak ugariak izan dira eta elkarteko kideek bere esker ona agertu dute.
228 bazkide
Hasierako bilera horretara joan zirenen kopurua dezente areagotu da, eta 228 bazkide ditu elkarteak. Momentuan 10 euro jarri dute materiala ordaindu ahal izateko, baina aurrerantzean urteko12 euroko kuota ordainduko dute bazkideek. Egoitzan sartu ahal izateko bazkide izatea derrigorrezkoa izanen da eta zerbait kontsumitzerakoan ordaintzeko ardura hartzea eskatu dute zuzendaritza batzordetik. Lehendakaria Mertxe Retegi da, lehendakari ordea Mari Carmen Castelos, idazkaria Esperanza Ustariz, diruzaina Maria Jesus Diaz Vidal eta bokalak Karmen Mitxeltorena, Maria Victoria Erro eta Josefina Iglesias. Ilusio eta gogo handia dute batzordeko kideek. Egoitza garbitzeko pertsona bat kontratatuko dute, momentuan egunean pare bat ordutarako, eta gero ikusiko dute nola moldatzen diren.
Egoitzaren inaugurazioa azaroaren 23an
Berako jubilatu elkartea, Bortzirietan eratu den azkena da eta Lagun Handiak izena hartu du. Egoitzaren inaugurazio ekitaldia azaroaren 23an eginen da arratsaldeko 17:00etan. Luis Aizpuru apezak bedeinkatu eginen du eta ondotik luntxa izanen da.