Lesakako Cornelia Lecuona Fundazioaren lurren salmentaren inguruan hainbat iritzi, prentsaurreko eta ohar argitaratu dira azken asteotan. Eusko Alkartasunak egin zuen lehen prentsaurrekoa, Juan Fermin Mitxelenak egindako salmenta kontratuari buruz deus ez zekiela adierazteko. Ondotik, EAJ-PNVk eman zuen prentsaurrekoa, Juan Fermin Mitxelenari babesa emanez, eta komunikabideetan agertutakoa, Onin udal taldeak bultzatutako intoxikazio kanpaina zela erranez. Prentsaurreko horretan errandakoei erantzunez, Onin udal taldeak prentsa-oharra ere argitara eman du, Juan Fermin Mitxelenak berak bakarrik egindako hankasartzea gainerakoei leporatu nahi izan diela aipatuz, bertzeak bertze.
Orain arte, Cornelia Lecuona Fundazioa kudeatzen duen Patronatuak eta Tantirumairu ikastolak ez dute jendearen aitzinean iritzirik eman, baina azken asteetako adierazpen uholdearen ondorioz, jendaurrean informazioa ematea erabaki dute. Patronatua eta ikastolako ordezkariek aipatutakoaren arabera, azken egun hauetan “Cornelia Lecuona” fundazioaren lurren salmenta dela eta, “informazio kontrajarria eta zenbaitetan desegokia” karrikaratu da eta ondorioz, “nahasmena sortu da gai honen inguruan” Horregatik, ortzegunean, azaroaren 15ean, batzar informatibo irekia eskainiko dute, arratsaldeko 7etatik aitzinera Kasinoan, “herritar guzientzat, gai hau behingoz argitzeko xedeaz”. Tantirumairu ikastolak gonbidapen berezia luzatu die gurasoei, bertako partaide direnez, bilerara azaltzeko.