Euskarari buruzko jardunaldien azken solasaldia gaur Lesakan

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 15a, 13:57

Xamarrek emanen du, arratsaldeko 19:30ean

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak “Euskara: atzo, gaur eta bihar” izenburupean antolatutako hitzaldi sortaren laugarren eta hondar solasaldia azaroaren 15ean, oartzegunean, eginen da Lesakako Antoiu karrikako 27. zenbakiko bigarren solairuan, arratsaldeko 19:30ean. Juan Carlos Etxegoien, Xamar ariko da solasean, “Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza” hitzaldia eskainiz.

Egile honek 2006an argitaratu zuen “Euskara jendea. Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza” izeneko liburua. Hainbat galderari erantzuten dio: Nola bizi izan du gure jendeak euskara? Zein izan da hizkuntzaren bilakaera? Nola ikusi izan dugu geure burua? Nolakoak izan dira etorri edota iragan diren herri eta kultura desberdinekiko harremanak? Nola ikusi izan gaituzte?... Gure herriko historia, funtsean, era berritzaile eta benetan eraginkorrean emana: hizkuntzaren ikuspegitik eta eskutik, haria euskara dela.

Gogoeta saioa larunbatean

Bortzirietan euskara indartzeko jardunaldi honen hondar ekitaldia, Etxalarren larunbat honetan, goizeko 10:00etatik 13:30 arte eginen den gogoeta saioa izanen da. Gogoratu behar da aitzinetik deitu egin behar dela izen emateko, batez ere bi arrazoirengatik. Batetik, Bortzirietako Euskara Mankomunitateak saiora joan behar duten guztiei goiz hori nola planteatu den biltzen duen dokumentua aitzinetik bidali nahi dielako eta bertzetik, taldetan lan eginen denez, aitzinetik talde horiek antolatzeko. Bortzirietako Euskara Mankomunitatetik ortziralerako deitzea edo mezu bat bidaltzea eskatu dute. (948 634125 / bortziriak@euskalnet.net).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun