Euskarari buruzko jardunaldien hirugarren solasaldia gaur Lesakan

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 13a, 11:35

David Anautek emanen du, arratsaldeko 19:30ean

Bortzirietako Euskara Mankomunitateak “Euskara: atzo, gaur eta bihar” izenburupean antolatutako hitzaldi sortaren hirugarrena asteartean, azaroaren 13an, eginen da Lesakako Antoiu karrikako 27. zenbakiko bigarren solairuan, arratsaldeko 19:30ean. Dabid Anaut ariko da solasean, "Euskara berreskuratzeko langintza: hitza eta ekintza" gaiari buruz. Dabid ezaguna da Bortzirietako euskalgintzan dabilen edozeinentzat. Bortzirietako Euskara Mankomunitateko teknikaria izan zen 1991tik 1994 bitartean. Gero Leitzaldean aritu da lan hori bera egiten, eta gaur egun Elhuyar taldean ari da. 2006an “Txokotik zabalera” liburua argitaratu zuen. Liburuan euskararen eta normalizazioaren inguruko gogoeta umoretsua egiten du.

Hitzaldian ere antzeko gogoetak eginen ditu Anautek: “Euskara berreskuratzea helburu. Zer egin? Nola egin? Ohiko galderak dira horiek euskalgintzan, euskaltzale orok bere buruari egiten dizkionak. Eredu eta formula bakar eta adosturik ezean, nor bere aldetik eta bere modura ari gara, eta aritze horretan hamaika paradoxa, kontraesan, ustekabe, zalantza... agertzen zaizkigu. Eredu gehienetan, nolanahi ere, hitza eta ekintza, diskurtsoa eta praktika, ezinbertzeko osagai ditugu. Horiek ere kontraesan eta zalantza iturri dira, baina baita sormenaren, umorearen eta irudimenaren eragile ere”.

Ortzegunean Xamar-en solasaldia

Laugarren eta azken hitzaldia Juan Carlos Etxegoien “Xamar”-ek eskainiko du, ortzegunean, azaroaren 15ean, 19:30ean, hau ere Antoiu karrikako egoitzan. “Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza” izenburua izanen du solasaldiak. Euskarak historian izan duen bilakaerari buruz arituko da Xamar.

Gogoeta saioa larunbatean

Bortzirietan euskara indartzeko jardunaldi honen hondar ekitaldia, Etxalarren larunbat honetan, goizeko 10:00etatik 13:30 arte eginen den gogoeta saioa izanen da. Gogoratu behar da aitzinetik deitu egin behar dela izen emateko. Bortzirietako Euskara Mankomunitatetik ortzegunerako deitzea edo mezu bat bidaltzea eskatu dute. (948 634125 / bortziriak@euskalnet.net).

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun