Kultur Egunak ezinhobeak izan dira

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

Hauek parte hartzaileak: Martixenea, Inddurtzain, Senberro, Lau Lore, Bortzak Bat Kooperatiba, Aientsako Osildekoborda, Plumorda, Ximonia, Amaia Apezetxea, Urdinborda, Igetkorda, Sagargoxo, Felix Apez

Baserritarren Eguneko 12. edizioan jende aunitz bildu zen

Euskara Batzordeak antolatu eta Udalak lagunduriko kultur egunak pasatu dira aurtengoz. Urriaren hondarretik azaroaren 3a bitarte kultur ekimen aunitz izan dira. Badira dagoeneko dozena bat urte, azaroaren 1ean Baserritarren Eguna egiten dela, eta egia erran, urtez-urte nabariagoa da egun honen indarra. Herri ttikia izateko, herritar andanak, modu batean edo bertzean parte hartzen du. Baina egun hau herritar ez diren ingurukoen bisitaleku ere bilakatu da. Aurten ttiki gelditua zen frontoi sarrera eta barrena goiz goizetik. Ekaitza elkarteko ordezkariek mahaiak eta ostatua paratuak zituzten eta herritar aunitzek beuren produktuak erakutsiz parte hartu zuen: barazkiak, animaliak, gozokiak, zerrikiak, taloak, fruituak, kamisetak…eta aipatzekoa da eskulan taldeak nola partikularrek eraman zituzten eskulan saila. Ederki hornitua zegoen goizetik herriko xokoa. Sarreran batik bat aziendak eta frontoi barruan gainerako elementuak, salgai nola erakusgai. Etxean ekoitziriko produktu aunitz ikus zitezkeen. Nafarroako Kutxako bulegoan, berriz, argazki zaharren erakusketa zegoen.

11 gazta lehiaketan

Frontoiaren bertze aldean mahai bat; inguruan herritarrak eta mahai gainean 11 gazta ikusgarri eta dastagarriak… A ze itxura! Hirugarren urtez, gazta lehiaketa egin zen eta epaimahaian, Ainara Amoros, Teodoro Pikabea, Jose Luis Iparragirre, Jon Koldo Arburua eta Andoni Zulaika zeuden. Pantaleon Errandonea, berriz, laguntzaile lanetan aritu zen. Epaiaren lehenengo fasean, hiru gazta aukeratu zituzten; eta ondotik eman zuten epaia. Aurtengo lehenengo saria Mendialdeko Anttonik jaso zuen 143 punturekin eta bere gaztarengatik 100 euro jaso zituen; bigarrena Albizko Inesek 137 punturekin eta hirugarrena Tuanekobordako Marixolek 133 punturekin. Zorionak hirurei! Gainerako gaztak Eguzkialdea eta Bordalarrea auzoetako Ximonenborda baserrikoak, Senberrokoa, Aientsa eta Eguzkialdea auzoetako Gaxtelenekobordakoak, Laraburukobordakoa, Serorinbordakoa eta Martixenekobordakoak ziren. Gaazta bakoitzarengatik 10 euro jaso zituzten.

Sari banaketaren ondoren, gazta irabazlearen erdia enkantera atera zen eta 20 euro ordaindu zituzten. Gainerako gazta erdiak Ekaitza elkarteko ostatuan saldu ziren 10 euroan.

Produktuen saskia Gaxtelenekobordara

Baina ez zen guzia honekin bukatu: Bertako produktuekin osatutako saskia Gaxtelenekobordako Mirenek eraman zuen eta Gazte Asanbladak bere postuan jarritako ilar gorri potean zenbat ilar ale zeuden herritarrek egiten zuten apostuan, Iñaki Larretxea hurbildu zen gehien. Erantzun zuzena 1.075 izan arren, Iñakik 1.110 erran baitzuen.

Horrelaxe bukatu zen goiza bada. Arratsaldean, 18 bikotek mus txapelketan parte hartu zuten elkartean. Biharamunean, berriz, 60 lagun bildu ziren bertso afarian Ekaitza elkartean eta sekulako giroa egon zen. Larunbatean, Laket eta Deus taldeek dantzaldia eskaini zuten goizaldera arte eta gustura ibili zen jendea.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun