Fundazioko lurren afera intoxikazio kanpaina dela uste du PNVk

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

Horrekin, «Udalaren kudeaketa txarra» estali nahi omen du Oninek

Lesakako EAJ-PNVk prentsaurrekoa eskaini zuen urriaren 30ean, Lekuona Fundazioko lurren inguruan egindakoa azaltzeko. Juan Fermin Mitxelena alkate ohiarekin batera, Jose Angel Agirrebengoa Nafarroako EAJ-PNVko presidenteak eta PNVko Lesakako udal taldeak egin zuten agerpena. Nafarroako EAJ-PNVko presidenteak aipatu zuenez, «azken asteetan komunikabideetan alkatearen eta Lesakako lehen indar politikoaren kontrako intoxikazio kanpaina egiten ari da Onin Udal Taldea».

Lur horien balorazioa 2005ean eskatu omen zuen orduan alkate zenak, Tantirumairu ikastolaren eskariz. Operazio guziek Udalean sarrera izan zutela eta modu erabat transparantean jokatu dela adierazi zuen Agirrebengoak.

Ildo beretik joan zen Juan Fermin Mitxelenaren solasaldia ere. Alkate ohiaren erranetan, azken bizpahiru hilabetetan astakeriak argitaratu dira eta Cornelia Lekuona Fundazioko lurren inguruan egin dituen tramiteak azaldu nahi izan zituen.

Lehendik udal plenoan eta komunikabideetan egin zuen bezala, salerosketa kontratua sinatzea bere hanka sartzea izan zela onartu zuen Mitxelenak, baina inondik ere ez duela dirurik kobratu eta informazioa nahasi dela aipatu zuen.

Ikastolak eta Patronatuak hartutako bide judiziala, Onin Udal Taldeko zinegotzi batek bultzatu duen bide okerra dela uste du Mitxelenak. Udaletxeko bertze gai potoloagoetan izaten ari diren kudeaketa arazoak estaltzeko erabiltzen ari omen dira Fundazioko lurren salmentaren afera. Cornelia Lekuona Fundazioko lurren salmenta denentzako onuragarria dela uste du EAJ-PNVk, «bai ikastolarendako, berak hala eskatu zuelako, bai Fundazioarendako, gutti erabiltzen ziren lurrei aterabidea ematen ziolako eta baita Udalarentzako ere, babes ofizialeko etxebizitzak, haurtzaindegia eta musika eskola egiteko lurrak behar zituelako».

Egoera moldatzeko, bide judiziala baino aterabide errazagoa badela aipatu zuen Laura Iantzi zinegotziak, Patronatuak oraindik kobratu gabe dauden txekeak konstruktorari itzultzea: «Zergatik ez du Patronatuak hori egin nahi?».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun