Oninek Lesakako EAJ-PNV eta Juan Fermin Mitxelena gezurtatu eta erabakiarekin gibelera egitea eskatu die

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

Joan zen astean Lesakako EAJ-PNV taldeak, eta Juan Fermin Mitxelena alkate ohiak Cornelia Lekuona Fundazioaren auziaren harira eta Onin Udal Taldearen zein bertako buru den Deñe Abuin zinegotziaren kontra errandakoak gezurtatu beharrean da Onin Udal Taldea. Legez kanpo jardun zuen Juan Fermin Mitxelenak auzi horretan, berari ez zegozkion konpetentziak beretzat hartuz, eta ez Fundazioaren aitzinean, ez Udalaren aitzinean, inolako tramite eta informaziorik gabe berak bakar-bakarrik hartutako erabakia izan. Horregatik, onartezina deritzogu, orain, gainerakoei leporatzea berak egindako hanka sartzea, ardura berea bakar-bakarrik dela argi gelditu denean.

Oninek Mitxelenak hartutako erabakiarekin gibelera egin zezan eskatu zionean, eta jarrera zuzentzeko aukera izan zuenean, alkate ohiak uko egin zion aukera horri, eta harrokeriz jokatu zuen. Orain, EAJ-PNV taldeak kontratua bertan behera uztea erraza dela dio. Hain erraza balitz, zergatik ez zuen berak gibelera bota? Berriz ere, eskuak garbitu eta gainerakoei utzi digu egoera zuzentzeko ardura.

Onartezina deritzogu, berak bakarrik hartutako erabaki baten ondorioz, eta ondotik ere izandako jarrera medio, Patronatua, Tantirumairu Ikastola, Udala eta Lesakako herria oro har kaltetu izana, eta gaizki egindakoa onartu beharrean, gainerako guztien kontra egiten jarraitzen du.

Azkenik, Biurrana eta Onin errekak bideratzeko proiektuaren laguntzaren gainean, dirulaguntza onartu zenetik, bera alkate zela, ez zuela inolako gestiorik egin proiektu hori gauzatu ahal izateko, eta larriagoa dena, oraingo udal taldeari ez diola inolako informaziorik eman nahi bera alkate zela gai horren gainean egindako gestioez. Oraingo gobernu taldeak proiektua gauzatu nahi du, eta horretarako urratsak eman ditu dagoeneko Espainiako zein Nafarroako Gobernuen aitzinean, eta bitartean, EAJ oztopoak paratu bertzerik ez da egiten ari, informazioa gordez, eta ondorioz, ejekuzioa gibeleratuz, dirulaguntza galtzeko arriskuarekin.

Hemendik aitzinera Juan Fermin Mitxelenak zein EAJ-PNV taldeek jarrera positiboagoa eta eraikitzaileagoa izatea espero dugu.

Deñe Abuin
Onin Udal Taldea

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun