«Aitzinekoekin konparatuz, disko berrian eboluzioa nabaria da»

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 9a

PETTI, Berako musikaria TTIPI TTAPA

• 16 urte zituela ekin zion Petti beratarrak musikaren bideari. Noise Hola eta Zup taldeetan ibili ondotik, 1997an bakarkako ibilbidea hasi zuen. 1999an bere lehen lana kaleratu ondotik (Amets,1999), berriki laugarrena atera du: On.
• Pettiren kanta zahar eta berriak aurkituko ditugu lan berrian, baita hainbat lagunen kolaborazioa ere.
• Aitzineko diskoekin konparatuz, disko honetan garapena nabaritu daitekeela erran digu Pettik.

«Folk basatia estiloaren aitzindaria» zarela erraten da. Nolakoa da ba zure musika?
Bueno hori da erraten dutena, baina ez du zertan horrela izan behar. Azkeneko diskoak adibidez, aitzinekoak baino gehiago du folketik. Hura rockeroagoa zen, eta honetan bibolinak eta mandolinak sartu dizkiogu.

Noise Hole eta Zup taldeetan hasieran, bakarka gero. Zergatik?
Gehienbat jendearekin gelditu eta entsaiatzeko arazo guttiago zeudelako hasi nintzen. Arazo haundiagoa izaten baita lau lagun elkartzea entsaiatzeko eta jotzeko, bakarra ibiltzea baino. Horrez gain, etxean kanta batzuk idatziak nituen eta ausartzea erabaki nuen. Kantak lasaiagoak ziren eta Zup taldean jotzeko ez ziren aproposak.

Bortz urte pasatu dira bakarkako lanik kaleratu gabe...
Bortz urte bakarka diskorik atera gabe, baina bertzelako gauzak egin ditut tarte horretan: Anarirekin disko ttiki bat, Lauaxetaren omenez egindako diskoan ere abesti bat atera zen, Txema Murugarren eta Rafa Ruedarekin Hauxe! diskoa egin nuen... Tarte honetan geldirik ez naiz egondu, eta mono hori asetzea lortu dut.

Zergatik On izena?
Diskoa ona delako, nire ustez behinik behin, kontent nago. Hori batetik, eta bertzetik ingelesarekin hitz jokoa eginez, bortz urteotan diskorik atera gabe egon ondotik martxan jarri naizelako. Hortik dator izena, euskararen eta ingelesaren arteko hitz jokutik.

Zer aurkituko dugu lan honetan?
Gehienbat folk musika da, folk amerikarra eta bluesa ere bai. Kanta gehienek ez dute zerikusirik bata bertzearekin. Country puntua ere badu, baita gospel ukitua ere Estitxu Pinatxo nire Berako lehengusinak kantatzen duenean batik bat. Batez ere folk amerikarra da, folk, blues, country... Denetarik badu pixka bat.

Inguruko jendearen kolaborazioa izan duzu diskoan...
Bai. Beñardo nire lagunak nire disko guztietan parte hartzen du eta honetan ere bai, kantatzen eta hiru-lau abestitako hitzak idatzi ditu. Estitxuz gain, Joseba Irazokik ere parte hartu du gitarrarekin. Gero gehienak kanpoko lagunak dira: Andoni Tolosa, Xabier Montoia, kanta batean Anje Duhalde... Musikarien artean, baxua eta bateria bizkaitarrak dira, Arkaitz Miner bibolina eta mandolinarekin, Jexux Aranburu teklatuarekin...

Zer du Onek bertze zure bertze diskoek ez dutenik?
Eboluzioa, musikala eta pertsonala, eta hori hitzetan eta musikan nabaritzen da. Rafa Rueda ekoizle lanetan ibili da eta Azkarateko Katarain estudioetan grabatu dugu eta horrela, neurri teknikoen aldetik eta ekoizpen aldetik ona atera da.

Noiz ikusiko zaitugu hemen inguruan lan berria aurkezten?
Oraindik ez dakit. Bizkaia eta Gipuzkoa aldean hasi naiz. Iruñean azaroaren 18an jo behar dut, baina hemen barna seguraski urtarriletik aitzinera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun