Lesaka inguruan telefono-kablea ebasten ari zirelakoan, zazpi lagun atxilotu zituen Foruzaingoak azaroaren 7an, asteazken gaueko 22:30ak aldera. Herrigunetik urrun dagoen leku batean, bi ibilgailu susmagarri ikusi omen zituzten foruzainek. Barnean zeudenak identifikatzerakoan, kablea mozteko zizailak eta zerrak antzeman zituzten, baita zerra erabiltzeko eta garraiatzeko bertze tresnak ere. Ingurua begiratu ondotik, kobrezko-kablea zuten eta garraiatzeko prest zeuden hiru fardo topatu zituzten, 150 kilo guzira. Telefono-posteetan ere ibili zirela eta kablea falta zela ere ikusi zuten foruzainek.
Horregatik, susmagarriak atxikotu zituen Foruzaingoak, indarrez ebastea leporatuta eta Iruñera eraman zituzten. Atxilotu guziak 22 eta 35 urte bitarteko gizasemeak ziren, denak Gipuzkoan bizi diren errumaniarrak. Azken aldian, Gipuzkoan gertatu diren lapurretekin zerikusia duten ikertzen ari omen dira orain, aukera hori ez baita bazterrean uzterik.