Joan zen astean Lesakako EAJ-PNV taldeak, eta Juan Fermin Mitxelena alkate ohiak Cornelia Lekuona Fundazioaren auziaren harira eta Onin Udal Taldearen zein Deñe Abuin zinegotziaren kontra errandakoak gezurtatu ditu Onin Udal Taldeak prentsa-ohar baten bidez.
Oninen idatziaren arabera, “legez kanpo jardun zuen Juan Fermin Mitxelenak auzi horretan, berari ez zegozkion konpetentziak beretzat hartuz, eta ez Fundazioaren aitzinean, ez Udalaren aitzinean, inolako tramite eta informaziorik gabe berak bakar-bakarrik hartutako erabakia izan zen”. Horregatik, Oninentzat onartezina da orain, gainerakoei leporatzea berak egindako hanka sartzea, “ardura berea bakar-bakarrik dela argi gelditu denean”.
Oninek Mitxelenak hartutako erabakiarekin gibelera egin zezan eskatu zionean, eta jarrera zuzentzeko aukera izan zuenean, “alkate ohiak uko egin zion aukera horri, eta harrokeriz jokatu zuen” beti ere Oninen arabera. Orain, EAJ-PNV taldeak kontratua bertan behera uztea erraza dela dio. Hain erraza balitz, zergatik ez zuen berak gibelera bota?” galdetzen du Oninek. Berriz ere, eskuak garbitu eta gainerakoei uzten omen die PNVk egoera zuzentzeko ardura. Juan Fermin Mitxelenak berak bakarrik hartutako erabaki baten ondorioz, eta ondotik ere izandako jarrera medio, Patronatua, Tantirumairu Ikastola, Udala eta Lesakako herria oro har kaltetu izana ere onartezina iruditzen zaio Onin udal taldeari eta gaizki egindakoa onartu beharrean, gainerako guztien kontra egiten jarraitzen duela dio Oninek.
«EAJ oztopoak jarzen ari da»
Azkenik, Biurrana eta Onin errekak bideratzeko proiektuaren laguntzaren gainean, dirulaguntza onartu zenetik, Juan Fermin Mitxelena alkate zela, ez zuela inolako gestiorik egin proiektu hori gauzatu ahal izateko uste du Oninek eta “larriagoa dena, oraingo udal taldeari ez diola inolako informaziorik eman nahi bera alkate zela gai horren gainean egindako gestioez”. Oraingo gobernu taldeak proiektua gauzatu nahi duela jakinarazi du Oninek, eta horretarako urratsak eman ditu dagoeneko Espainiako zein Nafarroako Gobernuen aitzinean, eta bitartean, “EAJ oztopoak paratu bertzerik ez da egiten ari, informazioa gordez, eta ondorioz, ejekuzioa gibeleratuz, dirulaguntza galtzeko arriskuarekin” Oninek jakinarazitakoaren arabera.
Idatzia akautzeko, “hemendik aitzin Juan Fermin Mitxelenak zein EAJ-PNV taldeek jarrera positiboagoa eta eraikitzaileagoa izatea” espero du Onin taldeak.