Azaro hasierako zubia aprobetxatuz Bortzirietako Giltzarri Abesbatza Valentzian barna ibili da. Isabel Lakar zuzendariaren erranetara, 25 kantari joan ziren eta hauekin batera, abesbatzako bazkide eta laguntzaile batzuk. Azaroaren 1ean, ortzegunean, Sagunto bisitatu zuten Giltzarriko kideek eta ortziralean, ateraldi honetako kontzertua eskaini zuten, Foios herrian. Giltzarri abesbatzak Foiosko abesbatzarekin elkartruke hitzarmena egina du eta horren ondorio izan da ateraldi eta emanaldi hau. Giltzarri abesbatzako Leire Inza kantariak aipatu digunez, heldu den urtean, udaberrian edo udazkenean etorriko dira Foiosko abesbatzakoak gure ingurura, kontzertua eskaintzera.
Foiosko kontzertuan, bertzeak bertze euskal kantuak eskaini zituen Giltzarrik, Urruñuelaren Agur Maria edo Neure maitena kantuak adibidez, baina horretaz gain errepertorio zabala kantatu zuten.
Foiosko emanaldiaren ondotik, larunbatean Valentzia hiria bisitatu zuten Giltzarriko kideek, Alde Zaharra, Zientzien Hiria eta bertze hainbat leku interesgarri bisitatuz.
Azaroaren 24 eta 25ean Madrilera
Giltzarri Abesbatzak bertze ateraldi bat izanen du azaroaren 24 eta 25eko asteburuan. Madrilen bi kontzertu eskainiko dituzte, horietako bat San Fermin de los Navarros elizan.