Estitxu eta Edurnek irabazi dute Lesakako paleta-goma txapelketa

TTIPI TTAPA 2007ko azaroaren 6a

Lesakako Arkupe elkarteak antolatutako emakumezkoen paleta-goma txapelketako lehen lau bikoteak. TTIPI TTAPA

13 bikotek parte hartu dute Arkupe elkarteak antolatutako txapelketan

Larunbat arratsaldean jokatu ziren Lesakako udal pilotalekuan Arkupe Pilotazale elkarteak antolatutako emakumezkoen paleta-goma txapelketaren azken partidak. Lehenik, hirugarren posturako lehia jokatu zuten Etxarri Aranazko Ianira eta Maialenen alde batetik, eta Lesakako Aurora Sanz eta Igantziko Bea Lizardik bertzetik. Beak, txapelketa osoan jokatu duen eta azken partida hau jokatu ezin izan zuen Edurne irundarra ordezkatu zuen. Etxarri-Aranazko bikote gaztea nagusitu zen partida honetan. Ianira eta Maialenek lehenbiziko partehartzea zuten Lesakako txapelketan, baina argi erakutsi zuten datozen urteetan txapela janzteko faboritoen artean izanen direla. Aurora eta Bea saiatu ziren aurre egiten, baina Etxarrikoak ongi moldatu ziren. Gibelean sendo aritu zen Maialen eta aitzinean tantuak ongi bukatu zituen Ianirak. Azkenean, 30 eta 21 irabazi zuten gorriek, baina tartean, tantu ikusgarriak egin zituzten Aurora eta Beak ere. Ikusi bertzerik ez da egin behar urdinen hamazazpigarren tantua. Piloteo luzearen ondotik, horma biko bikaina egin zuen Bea Lizardik, ikusleen txalo zaparrada artean. Pena bakarra izan zen, berdintasun gehiagorik ez izatea markagailuan.

Bertze horrenbertze gertatu zen final nagusian ere. Joan den urteko txapeldunak, Donostiako Estitxu Pierola eta Iruritako Edurne Argain aritu ziren alde batetik, eta Lizarrako Cristina eta Ines bertzetik. Lizarrakoek egin zuten finaleko lehen tantua, baina poliki-poliki baztandarrak gailentzen joan ziren. 6 eta 2 irabazten paratu ziren eta Lizarrakoak 6 eta 5era hurbidlu baldin baziren ere, pixkanaka alde nabarmena lortu zuten Estitxu eta Edurnek. 11 eta 7, 16 eta 9, 19 eta 12… Gibelean bikain aritu zen Edurne, pilota astinduz eta kantxa aunitz kubrituz. Estitxuk ere ongi akautu zituen tantuak, aukerako pilotak izan zituenean. Erasoan ongi aritzeaz gain, defentsan ere lan handia egin zuteen eta Lizarrako bikoteak aunitz landu behar zituen tantuak bere aldera erortzeko. Honela, hamar tantuko aldea lortu zuten Estitxu eta Edurnek 23 eta 13koan eta alde horreri eutsi zioten partida akautu arte. 24 eta 13, 25 eta 14, 26 eta 16, eta 27 eta 18 ibili ziren, baina azken hiru tantuak Estitxu eta Edurnek egin zituzten. Honela, 30 eta 18, aisa irabazi zuten Iruritako neskek. Joan den urtean bezalaxe, txapeldun izan dira aurten ere Lesakan.

Guzira, hamahiru bikote aritu dira aurtengo txapelketan eta partida ikusgarriak ikusi dira. Azken partidetako pena bakarra, emozioa faltatu zela. Sari banaketan, Tato Martinez Arkupe elkarteko presidentea; Begoña Taberna, Lesakako frontoiko ostatuko arduraduna eta txapelketa honen bultzatzaile nagusia eta Justo Agirretxe, Arkupe elkarteko kidea eta epailea izan ziren. Txapela eta garaikurrez gain, Martikoko produktuak ere izan zituzten saritzat.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun