Lesakako San Fermin erretiratuen elkarteak igandean, azaroaren 4ean ospatu zuen elkartearen eguna. Goizean, aurten hildako elkarteko kideen aldeko meza izan zuten eta gero lautan hogei bat lagun bazkaltzera bildu ziren Irubide jatetxean. Irudietan ageri denez umore ederrean bazkaldu zuten eta jangela bakarrean kabitzen ez zirenez, bitan banatu ziren. Bazkari ederra izan zuten: entsalada rusa, esparragoak, patea, urdaiazpikoa, txanpinoiak eta langostinoak hasteko; arkumea eta entsalada plater nagusirako eta tarta postrerako. Noski, dena edariz ongi hornitua. Bazkal ondoan, kafea eta nahi zuenak kopa eta puroa ere izan zuen. Bazkal ondoan, aurten jokatutako lehiaketa ezberdinen txapeldunei sariak banatu zitzaizkien.
Neguko mus txapelketan Alvaro Otero eta Alfonso Feito izan ziren txapeldun eta Jesus Legasa eta Maritxu Anzizar azpitxapeldun. Neguko seien txapelketan, Maite Ortega eta Tere Ariztegi nagusitu ziren eta Juanito Almandoz eta Angelita Mitxelena izan ziren bigarren. Neguko despiste txapelketan, Pepi Santos eta Mari Carmen Pellejero gailendu ziren eta Amparo Berlanga eta Fermina Telletxea izan ziren bigarrenak. Mus txapelketa azkarrean, Mertxe Antzizar eta Gregoria Erasunek eraman zuten txapela eta Juanito Fernandez eta Manolo Ramirez izan ziren azpitxapeldun. Seien txapelketa azkarrean, Jose Garcia eta Pepi Santos izan ziren txapeldun eta Patxiku Zapirain eta Felixa Taberna bigarren. Despiste txapelketa azkarrean ere, Jose Garcia eta Pepi Santosek eraman zuten txapela, finalean Amparo Berlanga eta Fermina Telletxeari irabazita. Maiatzaren 1ean egin zen araututako martxa edo ibilaldian, Jose Agirretxe eta Juan Ramon Ordoki izan ziren garaile eta Carmen Iantzi eta maria Ubiria bigarren. Bolo txapelketan eta toka txapelketan Luis Rebollo izan zen txapeldun eta igelen txapelketan, azkenik, Karmelo Etxarte nagusitu zen. Urteko sariak banatu ondotik, Xalbador Madariaga akordeolariaren doinuekin dantzan jotake aritu ziren San Fermin jubilatu elkartekoak.
Gaztain jatea abenduaren 6an
Elkartearen egunarekin, kasik akaututzat ematen ahal dira urte honetarako antolatu dituzten ekitaldiak. Halere, azken urteetan bezala, feria egunean eskulangileen erakusketa antolatuko dute eta abenduaren 6an gaztain jatea eginen dute soziedadean. Karmelo Etxarte presidenteak aipatu digunez, 50 kilo gaztain erosten dituzte egun horretarako.