Bortzirietan euskara indartzeko jardunaldiak hasiko dira asteartean

TTIPI TTAPA 2007ko aza. 5a, 15:24

Azaroaren 17an gogoeta saioa eginen da Etxalarko Kultur Etxean

“Euskara: atzo, gaur eta bihar“ izenburupean lau hitzaldi eta gogoeta saio bat antolatu ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak. Astearte honetan, azaroaren 6an, emanen zaio hasiera ekimenari. Lionel Joly Soziolinguistika Kluster-eko kideak “Euskararen bilakaera Bortzirietan” hitzaldia emanen du. Bortzirietan euskararen inguruko datuak aztertu ditu eta horien inguruko irakurketa eginen du. Berako Kultur Etxean izanen da saolasaldia, 19:30ean.

Mario Zapatak hartuko dio txanda, euskararen normalizazioa eta kultura aniztasunari buruz solastuz. Hitzaldia ortzegunean izanen da, hilaren 8an, arratsaldeko 19:30ean, hau ere Berako Kultur Etxean. Helburua kultura aniztasunaren inguruko hausnarketa egin eta euskaltzaleen inplikazioa lortzea izanen da.

“Euskara berreskuratzeko langintza: hitza eta ekintza”. Horixe izanen da Dabid Anautek eskainiko duen hitzaldia, euskara berreskuratzeko egin beharrekoari bideratua. Heldu den asteartean, hilaren 13an izanen da Lesakako Udalak Antoiu karrikako 27an duen aretoan, arratsaldeko 19:30ean.

Laugarren eta azken hitzaldia Juan Carlos Etxegoien, Xamarek eskainiko du, “Gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza” izenburupean. Euskarak historian izan duen bilakaerari buruz arituko da, eta hau ere Antoiu karrikan izanen da, azaroaren 15ean, 19:30ean.

Gogoeta saioa azaroaren 17an

Hitzaldiak interesa duen edozeinentzat irekiak dira. Halere, mankomunitateak dei berezia egin die euskara batzordeetan edo era batera edo bertzera, euskalgintzan ari diren eragile eta euskaltzaileei. Azken gogoeta saioa Etxalarko Kultur Etxean eginen da azaroaren 17an. Gai nagusia Bortzirietako euskalgintza indartzeko bideak eztabaidatzea izanen da. Saio honetarako aitzinetik izena eman behar da, 948 634125 telefonora deituz edo bortziriak@euskalnet.net helbidera idatziz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun