Arantzan kultur astearen barne, XII. baserritarren eguna ospatu zen ortzegunean. Joan den urtean baino aunitzez ere eguraldi hobea izan zuten, nahiz eta ez izan egun eguzkitsu eta argia. Herriko plaza prest zegoen goizean goizerako eta bertan azienda jarri zuten, edo hobeki erranda, ardiak. Zehazki, Etxeberria, Txaneko Borda, Ximonea eta Martinko Bordatik eramandakoak.. Frontoiaren barreneko aldean kokatzen ziren gainerako postu guztiak. Sarreran, Ekaitza elkarteak jartzen duen ostatua eta gainerako postuak sakabanatuak frontoi osoan. Gradetan eskulanak nagusi ziren, bai ikastaroetan egindakoak, bai herriko artistek prestatutakoak.
Mahai luzeetan aranztarrek beraien etxeetan ekoitzitako produktu ikus zitezkeen. Hauek izan ziren parte hartzaileak: Lau Lore, Martisenea, Bortzak Bat Kooperatiba, Aiensako Osildeko Borda, Plumorda, Ximonea, Amaia Apezetxea, Josu Goia, Urdin Borda, Igetako Borda, Sagargoxo, Eskulan taldea, Ilargo okindegia, Zapatibaita, Luis Madariaga, Iñurtzain, Senberro, Gazte Asanblada, Serorin Borda, Bordalarrea auzoko Ximonen Borda, Toki Ona Institutua, Felix Apezetxea, Motxinea, Mariñen Borda, Tuaneko Borda eta Moren Borda. Hauez gain, Nafarroako Kutxako bulegoan argazki zaharren erakusketa ere jarri zuten. Azokaren lehenengo orduetan ez zen aunitz jende bildu frontoian, baina eguerdirako bete zen eta nabari zen, mahai gainak betetzen zituzten produktuak agortzen hasi bai ziren, eta aunitz eguerdiko 12:30erako ia batere gabe zeuden.
Gazte lehiaketako lehen saria Mendialdera
Eguerdiko 13:30erako III. Gazta lehiaketako erabakia hartu zuten epaileek. Aurten lan horretan aritu dira Ainara Amoros, Teodoro Pikabea, Joxe Luis Iparragirre, Andoni Zulaika eta Jon Koldo Arburua. Laguntzaile Panttaleon Errandonea aritu zen. Hauek puntuaketa eman zioten gazta bakoitzari usaimena, itxura eta zaporea kontutan hartuz. 11 gazta aurkeztu ziren lehiaketara, baserri hauetakoak: Bordalarrea auzoko Ximon Borda, Eguzkialdea auzoko Ximon Borda, Senberro, Eguzkialdea auzoko Gazteleneko Borda, Serorin Borda, Laraburuko Borda, Tuaneko Borda, Martixeneko Borda, Albiz eta Aientsa auzoko Gazteleneko Borda. Parte hartzaile bakoitzari 10 euro ordaindu zioten. Lehenik gazta guztiak epaitu ziren eta gero 3 pasa ziren finalera. III. Gazta lehiaketako sariketa honela geratu zen: 1. Mendialdeko Anttoni 143 punturekin. 100 euroko saria eskuratu zuen. 2. Eguzkialdea auzoko Albiz baserriko Ines 137 punturekin. 3. Eguzkialdea auzoko Tuanko Bordako Marisol 133 punturekin. Behin sari banaketa egin zela, irabazle suertatutako gaztarekin enkantea egin zen eta gazta erdiaren truke 20 euro eskaini zituzten. Gainerako gazta erdiak 10 eurotan saldu ziren Ekaitza elkarteko ostatuan.
Zozketa bereziak
Era berean, urtero zare baten zozketa egiten da. Produktu ezberdinez osatua egoten da, hala nola, oilaskoak, gazta, lukainkak…Modu berezi batean egin zuten zozketa, gaztainetan paratu bai zituzten zenbakiak eta herriko haurrek hiru hartuta hauxe izan zen sariduna, 317. Behin zenbakia erranda, segiduan atera zen sariduna, zehazki, Eguzkialdea auzoko Gasteleneko Bordako Miren. Arantzako Gazte Asanbladakoek ere zozketa berezia egin zuten. Kristalezko poto batean zenbat ilar ale zeuden asmatu behar zen, apostu bakoitzeko euroa jokatuz. Saria, hiru botil ardo. Ikusmin handia piztu zuen zozketa honek ere eta denak emaitzaren zain zeuden. Guzira 1.074 ale zeuden eta irabazlea, Iñaki Larretxea izan zen. Ez zuen kopuru zehatza asmatu, baina gehien hurbildu zena izan zen. Benetan egun ederra suertatu zen ortzegunean Arantzan baserritarren egunaren baitan.