IX. Kafe-Antzerki Zikloa ortziralean abiatuko da Beran

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 31

Singapurreko SYC Ensemble Singers abesbatza igandean ariko da Kultur Etxean

Berako Euskara Batzordeak, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea eta Berako Kultur Batzordearen laguntzarekin, bederatzigarren Kafe Antzerki Zikloa antolatu du.

Azaroaren 2an, ortziralean, hasi eta 16ra bitartean luzatuko da. Lehenbiziko egunean, Giltxaro taldeak “Honolulu, leku bat” antzezlana eskainiko du Ikuilu ostatuan arratseko 22:00etan.

Azaroaren 9an, Jon Urrazak “Ez haiekin... ezta haiek gabe ere” izeneko emankizuna eskainiko du Kondaira ostatuan, hau ere, gaueko 22:00etan.

Azkeneko ikuskizuna , azaroaren 16an, Txirene taldearen “Ogiyik karri etzun semia” izeneko antzeslana izanen da Errekalde ostatuan arratseko 22:00etan.

Singapurreko abesbatza igandean Kultur Etxean

Bertze aldetik, Berako Abesbatzak, Kultur Batzordearen laguntzarekin Singapurreko SYC Ensemble Singers abesbatza gonbidatu du azaroaren 4an, igandean, arratseko 8etan Kultur Etxean abesteko. Lehen Singapore Youth Choir bezala ezaguna, herrialdeko abesbatzarik zaharrenetakoa da eta atzerriko jaialdietan parte hartu zuen lehena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun