Bortzirietan euskara indartzeko jardunaldiak datozen asteetan

ttipi-ttapa 2007ko urr. 31a, 11:11
Aurtengoa iazko jardunaldien segida izanen da. TTIPI TTAPA

Bortzirietako Euskara Mankomunitatearen ekimena da, azaroaren 6tik 17ra bitarte

"Euskara: atzo, gaur eta bihar" izenburupean lau hitzaldi eta gogoeta saio bat antolatu ditu Bortzirietako Euskara Mankomunitateak.

Hilaren 6an emanen zaio hasiera ekimenari. Lionel Joly Soziolinguistika Kluster-eko kideak Euskararen bilakaera Bortzirietan hitzaldia emanen du. Bortzirietan euskararen inguruko datuak aztertu ditu eta horien inguruko irakurketa eginen du. Berako Kultur Etxean izanen da, 19:30ean.

Mario Zapatak hartuko dio txanda, euskararen normalizazioa eta kultura aniztasunari buruz solastuz. Hitzaldia hilaren 8an izanen da, 19:30ean, hau ere Berako. Helburua kultura aniztasunaren inguruko hausnarketa egin eta euskaltzaleen inplikazioa lortzea izanen da. Euskara berreskuratzeko langintza: hitza eta ekintza. Horixe izanen da Dabid Anautek eskainiko duen hitzaldia, euskara berreskuratzeko egin beharrekoari bideratua. Hilaren 13an izanen da Lesakako Udalak Antoiu karrikan duen aretoan, 19:30ean.

Laugarren eta azken hitzaldia Juan Carlos Etxegoienek eskainiko du, gure hizkuntzaren historia, gure historiaren hizkuntza izenburupean. Euskarak historian izan duen bilakaerari buruz arituko da, eta hau ere Antoiu karrikan izanen da, azaroaren 15ean, 19:30ean.

Hitzaldiak interesa duen edozeinentzat irekiak dira. Halere, mankomunitateak dei berezia egin die euskara batzordeetan edo era batera edo bertzera, euskalgintzan ari diren eragile eta euskaltzaileei. Azken gogoeta saioa Etxalarko Kultur Etxean eginen da hilaren 17an. Gai nagusia Bortzirietako euskalgintza indartzeko bideak eztabaidatzea izanen da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun