Urriruko udal informazioa etxez-etxe

Utzitako argazkiak 2007ko urriaren 31

Udazkeneko koloreak nabarmen dira tenorea hala dugulako. TTIPI TTAPA

Duela bi aste, urriroari dagozkion Udaleko berriekin osatutako txostena jaso genuen herriko etxe guztietan. Txosten informatiboan lau hilabete hauetan aurreko legealdian zeuden egitasmoak aitzinera eramaten eta proiektu berriak prestatzen ari direla ere azaltzen da aurkezpenean. Tarte honetan zenbait puntu aipatuko dizkizuegu eta oraingo honetan azaltzen ez direnak hurrengoan idatziko ditugu.

Maiatzeko uholdeak

Uholdeek kalte haundiak eragin zituzten eskualdeko zenbait herritan, batzuetan bertzeetan baino gehiago. Hala, Nafarroako Gobernutik kaltetutako bideetan moldaketa lanak egiteko gastu osoa ordaintzeko dirulaguntza lortu du Udalak. Lan hauek abendua baino lehen egin behar dira:

1.Beraskundik Txertadi aldeko pistan zola berdindu eta ur-bideak egin.
2.Ixenbordako luberritik Entzelkara doan pistan zola berdindu eta ur-bideak egin.
3.Tuanekobordatik Amekurrunera doan pista berdindu, ur-bideak egin eta bi hodi paratu.
4. Zerradotik Itsaszelaietarako pista berdindu eta 200 metro hormigonatu Zerradoko borda ondoan.
5. Zerradotik Unanua alderako pista berdindu eta ur-bideak egin.
6. Ekaitzako pistan errekako tubo batzuk garbitu.
7. Azkilarreko Entzelka parajean pareta edo eskoilera egin erortza gelditzeko.

Udan, berriz, Iturritzatik Txolberro aldera doan bidean eskoilera bat egin zen; eta Eguzkialdeko Gastelenekobordako bidegurutzean, azpikaldeko eskoilera ere egin zen.

Bulatsikiko pista

Bulatsikiko pistaren gaiak herritarren artean nahasmena sortu du. Aitzineko Udalak obra egin zuen herritarrekin adostu gabe, eta bi urteren buruan, obra finantzatzeko familia bakoitzari 100 euro eskatu zizkion. Batzuek ordaindu zuten eta bertzeek ez. Hala, joan den abuztuan herritar batzuek dei anonimoak jaso zituzten etxeetan pista hau ordaindu ez zutelako, beuren pinadiak erreko zituztela mehatxu eginez. Gertakaria zinez larria da.

Udalaren egoera ekonomikoa txarra da eta hondar urte hauetan eginiko zenbait lanek defizita areagotu dute. Egoera hau moldatzeko nahiarekin, Udalak obra honetarako familien ekarpena boluntarioa izatea proposatu du. Horrela, bere garaian ordaindu ez zutenak, orain 100 euroak ordaintzea, hala nahi izanez gero; edo lehenago ordaindu zutenak dirua itzultzea eskatzea Udalari, nahi badu. Beraz, aukerak hortxe daude. Aurrekoan ez bezala, oraingoan ez da jendaurrean zerrendarik paratuko.

Ur depositua, auzoetako aurtengo eta hurrengo ikasturteko lanak eta abar hurrengo aldean luze eta zabal emanen ditugu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun