Berako Manufacturas Alco enpresaren egoeraren harira, zurrumurruak ugariak eta jendearen jakin-mina haundia izan da azken hilabete hauetan, batez ere, zuzendaritzak irailaren 3an Enplegua Erregulatzeko Espedientea (ERE) aurkeztu zuenetik. Prentsan eta hedabideetan lantegiaren inguruko informazioa era egokian ez eman izana ere kritikatu dute langileek. 200 orriko txostenak bi zati zituen, eta azken zati horretan hiru neurri aurreikusten ziren: langileen soldatak %25 murriztea, 30 langile kaleratzea eta 40 bat langileri aldi baterako kontratatua etetea (langabezira joan denbora batez, baina berriro lantegira bueltatzea). Neurri horien gainean, negoziatzen aritu dira hilabete batez zuzendaritzarekin eta azkenean urriaren 6an sinatu zuten hitzarmena. Horren arabera, hauek dira indarrean sartu diren neurriak: batetik urriaren 6az geroztik langileen soldatak %25 jautsi dira (soldaten inguruko negoziazioa duela urte bat hasi zen); bigarrenik, hemendik abuztua bitarte zazpi langile aitzinetik erretiratzea aurreikusi dute; azkenik, hirugarren neurrian, 38-40 langile aldi baterako enplegu-etena izanen dutela erraten da. Orain oporretan daude gehienak, baina urriaren 26tik abenduaren 10era enplegu-etena izanen dute. Halere, lanik gabe daudenean, lanean baleude bezala kobratuko dute, horretarako gehigarria enpresak ordainduko baitie.
Langilego kopuruan ere gaizki-ulertuak izan dira. Alcok, afera hau hasi aitzinetik, 77 langile zituen; gaur egun, berriz, 60 bat lagun ditu.
LABen erantzuna
Zabaldutakoaren ildotik, LABek ageriko utzi du bere «desadostasuna». Alco lantegiko langile batzordean ordezkaria duen sindikatu bakarra LAB da, gainerako ordezkariak ez dira sindikatuetakoak. Hala, LABeko ordezkari eta langile batzordeko kide denak emandako sinadurarekin zer ikusirik ez duela nabarmendu dute LABen, horren inguruan «inolako» ezagutzarik izan ez dutelako, eta «sindikatuaren aholku eta baimeik gabe jokatu duelako».