Aralarrek Berako alkateak aholkularia kontratatu izana, eta gordeka egitea, salatzen du.
ANVko alkate Josu Iratzokik, gainerako alderdi politikoei informaziorik eman gabe, ezkutuan, eta aurrekontuetan aurreikusi gabe, aholkulari pertsonala kontratatu duela jakin du Berako Aralarrek. Horren aitzinean ondoko gogoeta plazaratu nahi du Berako Aralarrek:
1. Alkateak aholkulari pertsonal baten beharrik ez duela uste dugu. Udalaren aholkulari legala Idazkaria da. Horrez gain, hirigintza gaietarako aholkularia dago eta baita auzitegietan defentsa egiten denerako abokatua ere.
2. Guztiz salagarria iruditzen zaigu aholkulari honen kontratazioa ezkutuan egin izana, inolako publizitaterik gabe, gainerako alderdiekin kontrastatu gabe, eta larriena, informatu ere egin gabe, eta gordeka.
3. Aholkulari honen urteko kostua Udalarentzat 5.684 eurokoa da. Udal aurrekontuak ez du horretarako partidarik eta ez da partidarik gaitu horretarako. Aitzineko legegintzaldian alkateordeak Udaleko hautetsi liberatu bakarrak urteko 23.452 euroko soldata gordina paratu zuenean (urteko KPIaren igoera izan duena urtez urte), neurriz kanpoko kritikak eginez eta diru publikoa xahutzea leporatuta gogor egin zuten gure kontra orain alkatetzan daudenek, %60 baino gehiagoko igoera izan duenean bere soldatak, eta inorekin kontrastatu gabe aholkulari pertsonal bat izendatu duenean.
4. Alkateak edo honen ordezkoak liberatuta egon behar duela defenditu dugu beti, soldata duin bat behar duela, eta horregatik defenditu genuen alkateak egun duen soldata. Baina diru publikoarekin garden jokatzea eta gainerako taldeei zor zaigun begirunea eta errespetua ezinbertzekoak direla uste dugu. Eta gainerakoei debaldeko kritikak egin baino, gogoeta egin dezatela eskatzen diegu ANVko kideei, eta erabakiarekin atzera egin dezala.
Berako Aralar