Lesakako EAJ-PNVk prentsaurrekoa eskaini du urriaren 30ean, astearte goizean, Cornelia Lekuona Fundazioko lurren inguruan egindakoa azaltzeko. Juan Fermin Mitxelena alkate ohiarekin batera, Jose Angel Agirrebengoa Nafarroako EAJ-PNVko presidenteak eta PNVko Lesakako udal taldeak egin du agerpena.
Jose Angel Agirrebengoa, Nafarroako EAJ-PNVko presidenteak aipatu duenez, «azken asteetan komunikabideetan alkatearen eta Lesakako lehen indar politikoaren kontrako intoxikazio kanpaina egiten ari da Onin udal taldea». EAJ-PNVk babesa eman dio gaurko prentsaurrekoan Juan Fermin Mitxelenari. Lur horien balorazioa 2005ean eskatu omen zuen orduan alkate zenak, Tantirumairu ikastolaren eskariz. Operazio guziek udalean sarrera izan zutela eta modu erabat transparantean jokatu dela adierazi du Nafarroako PNVko presidenteak. Agirrebengoaren ustez, Oninen kanpaina hau, «udala kudeatzeko duen ezintasuna gordetzeko egiten ari da».
Ildo beretik joan da Juan Fermin Mitxelenaren solasaldia ere. Lesakako alkate ohiaren erranetan, azken bizpahiru hilabetetan astakeriak argitaratu dira eta Cornelia Lekuona Fundazioko lurren inguruan egin dituen tramiteak azaldu nahi izan ditu. Juan Fermin Mitxelenak, lehendik udal plenoan eta komunikabideetan egin zuen bezala, salerosketa kontratua sinatzea bere hankasartzea izan dela onartu du, baina inondik ere ez dela dirurik kobratu eta informazioa nahasi dela aipatu du.
«Bide judiziala, Oninek bultzatu duen bide okerra da»
Ikastolak eta Patronatuak hartutako bidea, bide judizialarena, Onin udal taldeko zinegotzi batek bultzatu duen bide okerra dela uste du Mitxelenak, «eta ekonomikoko garesti atera daiteke». Udaletxeko bertze gai potoloagoetan izaten ari diren kudeaketa arazo larriak estaltzeko erabiltzen ari omen dira Fundazioko lurren salmentaren afera: «Igerileku estaliaren irekiera heldu den urteko udaberrira arte gibeleratu da; Onin eta Biurrana erreken bideratzeko Espainiako Ingurumen Ministeritzaren 2.300.000 euro baino gehiagoko dirulaguntza bazen eta otsailaz geroztik ez da deus mugitu eta dirulaguntza galtzeko arriskua dago».
Cornelia Lekuona Fundazioko lurren salmenta denentzako onuragarria dela uste du EAJ-PNVk, «bai ikastolarendako, berak hala eskatu zuelako, bai Fundazioarendako, gutti erabiltzen ziren lurrei aterabidea ematen ziolako eta baita udalarentzako ere, babes ofizialeko etxebizitzak, haurtzaindegia eta musika eskola egiteko lurrak behar zituelako». Onin eta EAk ere, herriarendako interesgarria zela onartu omen dute. Egoera moldatzeko, bide judiziala baino aterabide errazagoa ere badela aipatu du Laura Iantzi zinegotziak, «Patronatuak oraindik kobratu gabe dauden txekeak konstruktorari itzultzea, 23 euro balio dituen burofax baten bidez». Juan Fermin Mitxelenak gai honen inguruan egin dituen tramite guzien berri emanez, informazio boletin bat argitaratu du EAJ-PNVk eta datozen egunotan etxez etxe banatuko omen dute.