Rafa Maritxalarrek irabazi zuen larunbatean Lizuniagako Igoera

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 29a

Peio Garini omenaldia egin zion Gure Txokoak, bere markak 25 urte bete dituenean

Rafa Maritxalar korrikalari lesakarrak irabazi zuen larunbatean Beran, Lizuniagako Igoeraren hogeita zazpigarren edizioa. Maritxalarrek 17 minutu eta 2 segundu behar izan zituen 4.900 metroko ibilbidea egiteko, joan den urtean baino zortzi segundu gehiago, baina halere, iaz bezala, bera izan zen garaile. Beraz, berriz ere, ez zen 1982an Peio Garinek egindako marka, 16 minutu eta 13 segundukoa, hobetzerik izan. Probaren antolatzaileak, Gure Txokoa elkarteak, 300 euroko saria jarria du azken urteotan marka hobetzen duenarentzat, baina oraindik ez du sari hori ematerik izan. 2005ean, 12 segundura gelditu zen Antonio Etxeberria, baina momentuz hor segitzen du errekorrak.

Larunbateko proban, Rafa Maritxalar nagusi izan zen eta zortzi segundura sartu zen Iruñeko Alfredo Lusarreta eta 11 segundura Irunngo Jon Garraus. Antonio Bru beratarra laugarren izan zen, 38 segundura. Antonio Bruk hiru aldiz irabazia du Lizuniagako Igoera, baina oraingoan podiumetik kanpo gelditu zen. Bosgarren postua Patxi Irazoki igantziarrarentzat izan zen, 17 minutu eta 46 segunduko denborarekin, seigarren Hernaniko Unai Santamaria izan zen, 18 minutu eta 8 segunduko denborarekin, zazpigarren Doneztebeko Santi San Miguel, 18 minutu eta 29 segunduko denborarekin, zortzigarren Iñigo Lasaga etxalartarra, 18 minutu eta 27 segunduko denborareki, bederatzigarren Alberto Barberena lekaroztarra, 18 minutu eta 45 segunduko denborarekin eta hamargarren Joxelu Loiarte beratarra, 19 minutu eta 15 segunduko denborarekin.

Emakumeen artean, Cristina Arbues igantziarra izan zen garaile, 20 minutu eta 50 segunduko denborarekin. Maika Ariztegi iturendarrak minutu eta 17 segundu gehiago behar izan zituen ibilbidea osatzeko eta Marisol Martinez irundarrak 2 minutu eta 26 segundu gehiago. Hiru emakume hauek osatu zuten podiuma.

Beteranoen kategorian, Juan Carlos Korta irundarra nagusitu zen, 18 minutu eta 24 segunduko denborarekin; Clemente Jesus Bravo lazkaotarra izan zen bigarren, 7 segundura eta Iruñeko Patxi Orofino hirugarren, 37 segundura. Gazte mailan, mutilen artean, Ormaiztegiko Angel Pelaez izan zen irabazlea, 20 minutu eta 51 segunduko denborarekin eta nesken artean, Eibarko Ane Ziaran, 27 minutu eta 53 segunduko denborarekin.

Peio Garini omenaldia, bere markaren 25. urteurrenean

Guzira 60 korrikalarik parte hartu zuten Lizuniagako Igoeran, lau kategoriatan banatuak. Gure Txokoa elkarteak, sari banaketan, omenaldia eskaini nahi izan zion Peio Garineri. Izan ere, aurten 25 urte bete dira errekorra egin zuenetik eta hori gogoratuz, kristalezko oroigarria eta duela 25 urteko probaren argazkia jaso zituen Zizurkilgo korrikalariak. Garinek 46 urte ditu gaur egun eta, beraz, errekorra 21 urte zituela egin zuen. Larunbatean gogoratzen zuenez, berak ez zuen orduan proban parte hartzeko asmorik eta bere anaia Juan Mari Garin eta Luis Yerga korrikalariak ekartzera etorri zen. Gozotegi batean gosaltzen ari zirela animatu omen zuten parte hartzera, galtza motzak jarri eta utzitako kamixeta batekin egin omen zuen marka. Ez nolanahiko marka, gainera, 25 urte beranduago, oraindik hobetu gabe baitago.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun