Lurraren Egunaren 21. edizioan jendez gainezka izan ziren Berako karrikak

Goizalde URDANPILLETA 2007ko urr. 29a, 13:29

Barazki ederrak ikusgai izan ziren Berako Lurraren Egunean TTIPI TTAPA

Gasna lehiaketa Arantzako Seroren Bordako Margarita Madariagak irabazi zuen, sagardo lehiaketa Lesakako Jose Mari Elgorriagak

Igandean Beran lurraren eguneko ekitaldi garrantzitsuenak ospatu ziren, beti ere, larunbatekoei garrantzirik kendu gabe. Eguraldia lagun aunitz jende bertaratu zen Berako Altzate karrika eta plazan jarriak zeuden postuak ikustera eta herrian bizi zitekeen giro ederraz gozatzera. Goizeko 10etan hasi ziren ekitaldiak eta hartara, txalaparta saioa izan zen eta eskulangileen azoka eta erakusketa eta barazki erakusketak zabaldu ziren. Dena den, ordu horretan ez zen ikusle aunitz eta orduak pasa ahala hasi ziren karrikak jendez betetzen.

Gasna eta sagardo lehiaketak

Rikardo Baroja ikastetxeko instalazioak erabili dira hainbat kontuetarako. Batetik, etxeko produktuak ikus zitezkeen. Hala nola, kalabazak, onddoak, babarrunak, tomateak, piperrak, ozpina eta abar luze bat. Hauen aitzinetik garai bateko tresneria eta gure eskualdean aurki daitezkeen zuhaitz mota desberdinen muestrak. Era berean, Euskal oiloen elkartekoek ere parte hartu nahi izan zuten eta txita ikusgarriak ere jarri zituzten kaiola baten barrenean. Ricardo Baroja ikastetxean sagardo eta gasna lehiaketako epaimahaikideak lanean ari ziren. Gazta lehiaketako epaileak hauek izan ziren: Patxi Moreno, Aritz Perez, Joxe Mari Andueza, Mixel Aire, Ana Mri Matxiarena, Martxel Telletxea, Batixta Telletxea, Manolo Arozena, Bixente Izazu, Txomin Arranbide eta Jesus Goikoetxea.

Gazta lehiaketan 18 izan ziren parte hartzaileak eta hauek saridunak: 1. Margarita Madariaga. Arantzako Seroren Borda. 220 euro 2. Sokorro Almandoz. Berako Garmendiko Borda. 100 euro 3. Salbador Madariaga. Arantzako Simomen Borda. 75 euro Parte hartzaileei 12 euro eman zitzaien gazta aurkezterakoan. Sagardo lehiaketara 15 ekoizle aurkeztu ziren eta hauek izan ziren saridun: 1. Jose Mari Elgorriaga (Lesaka) 2. Josefa Almandoz 3. Alberto Otxoteko Denetara eskulangileen 89 postu jarri ziren eta hauez gain, bertze dozena bat salmenta postu. Guztiz arrakastatsua 21. Lurraren eguna Beran.

Barazkiopil lehiaketa larunbatean

Larunbatean Lurraren Eguneko ekitaldien barrenean, barazkiopil lehiaketa egin zen. Lehen aldia zen barazkiopil lehiaketa hau egiten zela, eta jakina da mota honetako ekintzek denbora behar dutela errotu eta sendotzeko. Hala berean parte hartzea eskasa izan zen, normala den bezala. Denetara hiru talde aurkeztu ziren, baina Ortzegunekoak taldeak ez zuen platera aurkezteko modurik izan, azken momentuan opila lurrera erori zitzaiolako. Hortaz, epaileek soilik bi opil dastatu zituzten eta biek ere puntuaketa berdintsua lortu zutenez, saria bien artean banatzea erabaki zuten. 50 euro eta goilara erraldoia Bizpahiru taldeak jaso zituen eta beste 50 euro eta sardexka erraldoia Berako Gazte Asanbladak. Epai mahai honako kideek osatu zuten: Iñaki Pikabea, Belen Urdaniz, Josu Irazoki eta Eñaut Lazkano. Parte hartzaileei 20 euro eta ardo kaxa bana eman zitzaien eta publikoak hauek dastatzeko aukera izan zuen. Opilez gain, sagardoa eta bertze tortillak ere banatu ziren. Ziur heldu den urtean arrakasta handiagoa lortzen duela aipaturiko lehiaketa honek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun