Josu Iratzoki Berako alkateak, gainerako alderdi politikoei informaziorik eman gabe, ezkutuan eta aurrekontuetan aurreikusi gabe, aholkulari pertsonala kontratu duela salatu du Berako Aralarrek. Talde honen ustez, “alkateak ez du aholkulari pertsonal baten beharrik, udalaren aholkulari legala idazkaria delako”. Horrez gain, Aralarren arabera, hirigintza gaietarako aholkularia dago eta baita auzitegietan defentsa egiten denerako abokatua ere.
Aralarri guziz salagarria iruditu zaio aholkulari honen kontratazioa ezkutuan egin izana, inolako publizitaterik gabe, gainerako alderdiekin kontrastatu gabe, eta larriena informatu ere egin gabe, eta gordeka.
Aholkulari honen urteko kostua udalarentzat 5.684 eurokoa da. Aralarretik jakinarazitakoaren arabera, Udal aurrekontuak ez du horretarako partidarik, eta ez da partidarik gaitu horretarako. Antzineko legegintzaldian alkateordeak, udaleko hautetsi liberatu bakarrak, urteko 23.452 euroko soldata gordina paratu zuenean neurriz kanpoko kritikak eginez eta diru publikoa xahutzea leporatuta Aralarren kontra gogor egin omen zuten orain alkatetzan daudenek. Baina Aralarrek dioenez, orain %60 baino gehiagoko igoera izan du alkatearen soldatak, eta inorekin kontrastatu gabe aholkulari pertsonal bat izendatu du.
«Diru publikoarekin garden jokatu behar da»
Aralarren idatzian ageri denaren arabera, “Alkateak edo honen ordezkoak liberatuta egon behar duela” defenditu dute beti, “soldata duin bat behar duela”, eta horregatik defenditu zuten alkateak egun duen soldata. “Baina diru publikoarekin garden jokatzea eta gainerako taldeei zor zaien begirunea eta errespetua ezinbertzekoak” direla uste du Aralarrek. Akautzeko, “gainerakoei debaldeko kritikak egin baino, gogoeta egin dezatela” eskatzen diete ANVko kideei, eta erabakiarekin atzera egin dezala.