21 urte pasatu dira dagoeneko Lurraren Egunaren lehen edizioa egin zenetik. Aurtengoa ere gainean dugu, igande honetan, urriaren 28an izanen baita eta urtero bezala, ekitaldiz gainezka datorren egitaraua prestatu dute Gure Txokoa Elkarteak eta Kultur Batzordeak.
Urriaren 27an, bezperan, Lizuniagako Igoera lasterketa jokatuko da, arratsaldeko 5:00etan. Beti bezala, korrikalariek Eztegara pilotalekutik Lizuniagako gainera dauden bortz kilometro eskasak egin beharko dituzte. Beranduago, berriz, arratsaldeko 6:30ean barazkiopil lehiaketa eginen da. Plateraren oinarria arrautza izanen da eta osagaiak barazkiak edo lurrak ematen duen edozein fruitu. Banaka zein bikoteka, parte-hartzaile bakoitzak 12 lagunentzat prestatu beharko du platera.
Egun haundia igandea izanen da. 10:00etatik aitzinera, txalaparta hotsak, eskulangileen azoka eta erakusketa, barazki erakusketa, Bortzirietako produktuen salmenta, argazki erakusketa, ikastetxeetako postuak eta bertze hainbertze Altzateko karriketan izanen dira; eguraldi txarrarekin, berriz, kiroldegian eta Altzateko frontoian paratuko dira. 11:00etan gasna eta sagardo lehiaketari emanen zaio hasiera. 11:30ean Bera trikitixa eskolakoen txanda izanen da, eta 12:00etan, berriz, Berako Musika Eskola eta Gure Txokoako dantzariek emanaldia eskainiko dute. Arratsaldeari dagokionez, arratsaldeko 4etan haurren txanda izanen da: Bihar txotxongilo taldeak Kli! Kla! Birzikla! ikuskizuna eskainiko du Altzaten. Arratsaldeko 5:30ean sari banaketa eta enkanteari ekinen zaio. Gazta lehiaketan, lehen saria eramaten duenak 220 euro eta oroigarria jasoko ditu; bigarrenak 100 euro jasoko ditu eta hirugarrenak 75 euro. Sagardo lehiaketan, sari bakarra banatuko da eta irabazleak 200 euro eta oroigarria jasoko ditu. Julio Soto eta Julen Zelaieta bertsolariek ere euren saioa eskainiko dute. Arratsaldeko 6:30ean Irats taldeak bere azken dantzaldia, eta ilunabarrean Joseba Irazoki eta Belardian taldeek bere emanaldia eskainiko dute. Horrez gain, taloak, sagardoa, gaztainak eta eskualdeko bertzelako produktuak egun guztian izanen dira ikusgai eta salgai.