Ikastola inguruko lurren salmentari buruz deus ez zekiela dio EAk

Aitor AROTZENA 2007ko urriaren 24a

Koldo Erkizia, Seberiano Txoperena eta Juan Carlos Ayala, EAko kideak, asteartean egindako prentsaurrekoan. TTIPI TTAPA

«Proiektuaren berri PNVren hauteskunde programan izan genuen»

Lesakako Eusko Alkartasunak, Juan Fermin Mitxelena EAJ-PNVko alkate ohiak Cornelia Lecuona Fundazioko lurren salmenta kontratuaz komunikabide ezberdinetan egindado adierazpenei buruz zenbait zehaztapen egin zituen urriaren 23an, Alkartetxean egindako prentsaurrekoan. Bertan izan ziren Koldo Erkizia alkatea, Seberiano Txoperena EAko batzordeko kidea eta Juan Carlos Ayala, EAko zinegotzia eta aitzineko legealdian hirigintza batzordeko burua zena. Hain zuzen, lehengo alkateak adierazitakoaren kontra, Ayalak eta Eusko Alkartasunak, Fundazioaren lurren salmenta kontratuaren eta proiektuaren inongo berririk ez zeukatela garbi utzi nahi izan zuen Seberiano Txoperenak. «Gainerako udal korporazioak bezala, Ayalak Fundazioaren terrenuen inguruan egindako balorazio ekonomikoaren jakitun zen, balorazio hau batzorde informatibotik pasatu zelako. Denbora berean, Juan Fermin Mitxelena eta ikastolaren artean izandako bilera batzuen berri zeukan, bilera hauen inguruan akta bazegoelako».

Seberiano Txoperenaren ustez, «afera honetan gauza aunitz nahasi dira, baina EAk karrikan zegoen informazioa bakarrik zuen eta kontratuen berri, PNVren hauteskunde-programa hartzerakoan izan genuen».

Juan Fermin Mitxelenak egindako adierazpenetan, arazoa onez on moldatzen saiatuko zela aipatu zuen, baina Cornelia Lecuona Fundazioa kudeatzen duen Patronatuko kide bezala, hori zail ikusten du Koldo Erkiziak. «Izan ere, hiru hilabete pasa dira eta oraindik gauzak zeuden bezala daude, ez da deus berririk». Gauzak honela, bertze bideak jorratu beharko direla jakinarazi zuen Erkiziak eta epaitegien bidea ere ez zuen baztertu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun