Ikastola inguruko lurren salmenta kontratua ezabatu beharko du Juan Fermin Mitxelenak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 18a

Cornelia Lecuona Fundazioko Patronatuaren baimenarik gabe egin zuen sinadura

Lesakako alkate zenean, 2007ko maiatzean, bi kontratu sinatu zituen Juan Fermin Mitxelenak eraikitzaile batekin, eta haien bitartez Doña Cornelia Lecuona Fundazioarenak diren hiru lur-eremu saldu zizkion. Zehazki, Kristo-Enea futbol zelaiak hartzen dituen 6.674 metro koadroak eta ondoko bertze 130 metro 450.655 euroan saldu ziren eta ikastola pareko baratza, 708 metrokoa, 140.000 euroan. Promotoreak 90.000 euro eta 18.000 euroko fidantzak utzi zituen.

Bi dokumentu pribatuetan adierazten denaren arabera, Mitxelena aipatutako Fundazioaren izenean ariko litzateke. Baina Lesakako Udalak ez zuen aldez aurretik inolako berririk izan operazio honi buruz eta Fundazioa kudeatzen duen patronatuko bertze bi kideek adierazi zuten Fundazioak ez zuela salmenta baimendu. Ikastolako ordezkariek ere adierazi zuten eurekin ez zela kontsultatu. Geroztik hainbat bilera egin dira eta argi gelditu da lehengo alkateak bere kabuz sinatu zituela salmentak, Fundazioaren botererik eta ikastolaren adostasunik gabe. Honela, Patronatuak eta ikastolak kontratua bertan behera uztea eskatzen dute, baina promotoreak ez du amore eman nahi. Hau dena kontuan hartuta, Onin udal taldeak mozioa aurkeztu zuen azken batzarrean. Lehen puntuan «Juan Fermin Mitxelenak kontratu hauek berehala ezabatzeko eta ezabatze hori Udalaren aitzinean justifikatzeko dokumentalki» eskatzen zuen. EAJko udal taldeari ere galdetu zioten «jarduera honen berri zuten eta ea onartzen duten». Bertze puntu batean, «pertsona honek eragiten digun mesfidantza dela eta, Udal honetako bere kargua uzteko gonbitea» egiten zion Oninek.

Juan Fermin Mitxelenak onartu zuen bere hanka sartzea izan dela, «garbi utziz, nahiz Udalean, nahiz Fundazioan ez duela erreperkusiorik izanen. Bere hanka sartzea izanik, dudarik gabe berak moldatuko zuela eta honek EAJ-PNVko udal taldea ukituko balu, udaleko bere kargua utziko zuela adierazi zuen alkate ohiak. Azkenean, Oninen idatziaren lehen puntua bakarrik bozkatu eta ahobatez onartu zen eta Juan Fermin Mitxelenak kontratu hauek ezabatzeko ardura izanen du orain.

Alkate ohiak ttipi-ttapari aipatu dionez, arazoa onez onean moldatuko dela uste du, horretarako ari baitira lanean abokatuekin. Salerosketa kontratua sinatzea bere ardura izan zela onartu arren, momentu horretan Udaleko taldeak ba omen zekien honen berri. Orduan, EAJ-PNV EArekin koalizioa zen eta EAko zinegotzia hirigintza arduraduna zen. EAko asanbleari gai honetaz informatzeko baimena eskatu ziola eta berak baiezkoa eman ziola adierazi du Juan Fermin Mitxelenak. Kontuak kontu, kontratua ezin zen Patronatuko kideen botererik gabe sinatu eta gainera, ez zen udal batzorde bakar batetik ere pasatu. Beraz, kontratuek baliorik ez badute ere, arazoa onez onean moldatzen ez bada, epaitegietako bidea hartu beharko litzateke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun