Bortzirietako alkateak Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako kontseilariarekin, Laura Alba Cuadradorekin, bildu ziren asteartean, urriaren 16an, N-121A errepideko lanen eraginez Endarlatsa inguruan trafikoak izanen dituen gorabeherak moldatzeko ekimenak koordinatu asmoz. Errepide honetako 22 kilometroei eraginen dioten lan hauek 2009 urtera arte eginen direla kontuan hartuz, bitartean trafikoari zer soluzio eman aztertu zuten bileran. Josu Irazoki Berako alkatea, Patxiku Irisarri Etxalarko alkatea, Iñaki Goienetxe Igantziko alkatea, Koldo Erkizia Lesakako alkatea eta Ainara Maia Arantzako alkatea izan ziren bileran.
Bilkuran aipatu zenez, lanetako punturik kritikoenak, gaur egungo errepidea ukitzen dutenak izanen dira, bide-mozketak nahitaezkoak izanen baitira. Nazioarteko trafiko astuna A15 autobidetik bideratu beharko dela ere aipatu zen, baina hartzen diren neurri guziak aitzinetik denboraz jakinaraziko direla ere segurtatu zen.
Herrilan kontseilariarekin batera, berriz, Jose Luis Etxeberria Arraiza Herrilanetako zuzendari nagusia; Jesus Gonzalez Albero, Bide eta Eraikuntza Zerbitzuko zuzendaria eta N-121A errepideko lanetako bi zuzendariak izan ziren.
Trafikoaren berri eguneratua Interneten
Nafarroako errepideetan izaten diren trafiko gorabeheren berri eguneratua jakiteko web-orria ere badu Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak. Helbidea: http://www.cfnavarra.es/obraspublicas/red/red.asp Egunotan Endarlatsa inguruan trafiko mozketak eta auto pilaketak gertatzen ari dira lan hauen eraginez eta hauei buruzko informazio eguneratua jasotzen ahal da arestian aipatutako helbide elektronikoan.