Hilabeteetako ezinegonen eta negoziazio ahaleginen ondotik, badirudi akordioa sinatu dutela Berako Manufacturas Alco enpresako langile batzordeak eta zuzendaritzak. Horrela, plantillan orain arte zeuden 90 lanpostutik 10 desagertu eginen dira, eta gainerakoen soldatak %25 jautsiko dira. 10 lanpostu horiek ezabatzeko, bi bide erabiliko dira. Alde batetik, zuzeneko laneskuko bortz langilek erretiro aurreratua hartuko dute, eta gainerako bortz lanpostuak lanesku ez zuzeneko langileen bitartez ezabatuko dira.
Enpresan gelditzen diren langileek ere aldaketak nabarituko dituzte. Abendutik aitzinera soldatak %25 murriztuko dira, eta horrez gain, produkzio lerroetan ere murrizketak izanen dira, lantegiak etxetik kanpoko altzairugintzako bere merkatua mugatu eginen baitu.
LABen ezadostasuna
Akordioaren berri jaso eta berehala, LAB-Metalgintzak eman du bere erantzuna. Alco enpresako langile batzordean ordezkaria duen sindikatu bakarra LAB da, gainerako ordezkariak ez dira sindikatuetakoak. Edozein kasutan, LABek akordioaren inguruko «desadostasuna» agertu du. LABeko ordezkari eta langile batzordeko kide denak emandako sinadurarekin zer ikusirik ez duela nabarmendu dute LABen, horren inguruan «inolako» ezagutzarik izan ez dutelako, eta «sindikatuaren aholku eta baimeik gabe jokatu duelako».
Gisa berean, akordioaren emaitza, langile murrizketa eta soldaten jautsiera, LABen jokatzeko modutik urruti eta kontra daudela adierazi du LABek, bere ekintza sindikala bertzelakoa delako: «langileen lan baldintzak hobetuz joatea», hain zuzen. Langile eta zuzendaritzak hitzarmena sinatu arren, LABen arabera, enpresak ez du Alcoren etorkizuna zein izanen den adieraziko lukeen plan industrialik mahai-gaineratu.