Udazkenean sarturik

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 11

Urrian sarturik urteroko ekintzak eta egunerokoak izaten dira sasoi honetan. Eskolako umeak egun osoko jardunean ari dira, jantoki zerbitzua ere ohi bezala martxan jarriz. Bertzalde, iazko zortzi emakumeek eskulan ikastaroa abiatu zuten asteartean. Horrela, 17:30etik 19:30era Pui irakaslearekin etxerako eta inguruetarako erabilgarriak eta hornigarriak diren elementuak gauzatzen ariko dira. Aipatzekoa da, baita ere, uso eta basurde ehizako denboraldietan gaudela. Usoetarako zaletasuna haundiagoa bada ere, basurdeetan ibiltzen denik ere bada. Uso ehizarako denboraldia izanik, herritar aunitz mendira joaten da zaletasunaz gozatzera, afizio haundiago edo ttikiago izan, beti da aitzakia polita mendian egoteko, lagunartean onddo batzuk biltzen, gosaltzen… Ekaitza eta Bagatxarren guztira 60 ehiza postu daude: Ekaitzan 28 ehiza-setoetan hiruko taldeak izaten dira, eta Bagatxarren, berriz, 32 postuetan binaka banatzen dira. Oporrak pasatzeko etxolak ere badaude mendi batean zein bertzean: Ekaitzan sei txabola daude: Primitivoren, Xalbadorren, Etxebesteren, Tomasen eta Aranibarko eta erdiko txabolak. Eta Ollargatan Girizia, Arralde, Gure Ametsa eta Borda txabolak. Denboraldian bete-betean daude ehiztariak, ortzian begiak tinko paratuak dituzte. Azken urteetan uso pasa gutti ikusi dira, ea aurten nola joaten den sasoia.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun