Eguraldi eta giro ederrean joan dira Sanmigel bestak

ttipi-ttapa 2007ko urriaren 11

Era guztietako ekitaldiekin gozatu zuten herritarrek eta kanpotik etorritakoek bestetan. TTIPI TTAPA

Xabi Sein eta Xabi Telletxea kirolariek bota zuten txupinazoa

Aitzineko asteburuan ere ekitaldi andana izan arren, irailaren 28an «Gora Sanmigelak» oihukatuz eman zioten hasiera aurtengo bestei. Aurtengo txupinazoa 2007. urteko igantziarrak botatzekoa zen, baina herritarrek ez zuten azken momentura arte jakin nor izanen zen. Azkenean bi izan ziren: Espainiako mendi bizikleta jautsiera txapelketa irabazi duen Xabi Telletxea txirrindularia eta herri kirol taldean lan haundia eta Nafarroako ingude eta lasto altxatze txapelketak irabazi dituen Xabi Sein. Horrela eman zioten hasiera lau eguneko besta egitarauari. Azkeneko urteetan bezala, larunbatarekin jokatu zen herrik kirol saioa eta beitzuekin egindako ikuskizunak izan ziren ikusmin haundiena sortu zutenak. Batetik herriz herriko Nafarroako finalak eta Nafarroako emakumezko arpanlari txapelketak erabaki ziren. Betizuetan, berriz, txinoz jauntzitako koadrila azaldu zen txaragarekin zezen plazara. Ikuskizun polita eskaini zuten plaza inguruan bildutako ikusleen gozamenerako. Lizaso eta Mañukorta bertsolariekin egindako bertso-pilota saioak ere jendea erakarri zuen. Urriaren 1eko arratsean agurtu zituzten aurtengo Sanmigelak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun