Ikastola inguruko lurren salmenta kontratua ezabatu beharko du Juan Fermin Mitxelenak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 11

«Nire hanka sartzea izanik, dudarik gabe nik moldatuko dut» adierazi zuen

Alkate zenean, 2007ko maiatzean, bi kontratu sinatu zituen Juan Fermin Mitxelenak eraikitzaile batekin, eta haien bitartez Doña Cornelia Lecuona Fundazioarenak diren hiru lur-eremu saldu zizkion. Zehazki, Kristo-Enea futbol zelaiak hartzen dituen 6.674 metro koadroak eta ondoko bertze 130 metro 450.655 euroan saldu ziren eta ikastola pareko baratza, 708 metrokoa, 140.000 euroan. Bi dokumentu pribatuetan adierazten denaren arabera, Mitxelena aipatutako Fundazioaren izenean ariko litzateke. Baina Udalak ez zuen aldez aurretik inolako berririk izan operazio honi buruz eta Fundazioa kudeatzen duen patronatuko bertze bi kideek adierazi zuten Fundazioak ez zuela salmenta baimendu. Ikastolako ordezkariek ere adierazi zuten eurekin ez zela kontsultatu. Geroztik hainbat bilera egin dira eta argi gelditu da lehengo alkateak bere kabuz sinatu zituela salmentak, Fundazioaren botererik eta ikastolaren adostasunik gabe. Honela, Patronatuak eta ikastolak kontratua bertan behera uztea eskatzen dute, baina promotoreak ez du amore eman nahi.

Hau dena kontuan hartuta, Onin udal taldeak mozioa aurkeztu zuen azken batzarrean. Lehen puntuan «Juan Fermin Mitxelenak kontratu hauek berehala ezabatzeko eta ezabatze hori Udalaren aitzinean justifikatzeko dokumentalki» eskatzen zuen. EAJko udal taldeari ere galdetu zioten «jarduera honen berri zuten eta ea onartzen duten». Bertze puntu batean, «pertsona honek eragiten digun mesfidantza dela eta, Udal honetako bere kargua uzteko gonbitea» egiten zion Oninek.

«Udalean eta Fundazioan ez du ondoriorik izanen»

Juan Fermin Mitxelenak onartu zuen bere hanka sartzea izan dela, «garbi utziz, nahiz Udalean, nahiz Fundazioan ez duela erreperkusiorik izanen. Nire hanka sartzea izanik, dudarik gabe nik moldatuko dut eta honek ukitzen badu EAJ-PNV udal taldea, nik Udaleko kargua utziko dut».
Onineko zinegotziak gogorarazi zuenez «Patronatuan alkatea dugu Udalaren ordezkari gisa, ez bere alderdiaren izenean, ez eta modu pertsonalean. Toki Administrazioaren txostenak dioen bezala, udaletxearentzat ez omen da ondoriorik izanen, baina ukaezina da ardura politiko handia daukala, salerosketa kontratu hau sinatu zuen bat alkatea zelakoz».
Halere, azkenean, Oninen idatziaren lehen puntua bakarrik bozkatu eta ahobatez onartu zen eta Juan Fermin Mitxelenak kontratu hauek ezabatzeko ardura izanen du orain.
Alkate ohiak ttipi-ttpari aipatu dionez, «arazoa onez onean moldatuko dela uste dut, horretarako ari gara lanean abokatuekin. Hasierako salerosketa kontratua bertzerik ez dago sinatua, baina dirurik ez da deus kobratu, ezta fidantzarik ere». Salerosketa kontratua sinatzea bere ardura izan zela onartu arren, «momentu horretan Udaleko gure taldeak bazekien honen berri. Orduan koalizioa ginen eta EAko zinegotzia hirigintza arduraduna zen. EAko asanbleari gai honetaz informatzeko baimena eskatu zidan eta nik eman nion» adierazi digu Juan Fermin Mitxelenak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun