Bortzirietako haur eta gazte ipuin lehiaketa antolatu da aurten ere

TTIPI TTAPA 2007ko urr. 11a, 14:20

Lanak azaroaren 30a baino lehen aurkeztu behar dira Berako liburutegian

Joan den urtean bezala, Berako Kultur Batzordeak eta Berako Liburutegiak Bortzirietako haur eta gazte ipuin lehiaketa antolatu dute. Oraingoan ere, irudimena, originaltasuna eta hizkuntzaren aberastasuna baloratuko dituzte. Lehiaketa lau mailatan sailkatuko da, adinaren arabera: A Mailan Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako ikasleak lehiatuko dira. B Mailan Lehen Hezkuntzako 5 eta 6. mailakoak. C Mailan Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailakoak eta D Mailan DBHko 3. eta 4. Mailakoak.

Aurtengoan, idazle gaztetxoek "Denboraren makinan sartu zara..." gaiari buruz idatzi beharko dituzte beraien idazlanak. Ipuinak gutienez orri batekoak izanen dira, eta lau orriko luzerakoak aunitz jota. Aurkezpena txukuna izatea ere kontuan hartuko dute antolatzaileek. Ipuinetan ez da izen-abizenik paratu beharrik: ipuinari atxikitutako gutun-azal batean ondoko datu hauek sartu beharko dira: izen-abizenak, A, B, C, edo D mailakoa ote den, adina, ikastetxea, gela eta telefonoa. Ipuinak jasotzeko azken eguna azaroaren 30a izanen da etaBerako liburutegira edo kultur etxera bidaliko dira. Sari banaketa, berriz, abenduaren 14an, ortzirala, arratsaldeko 6etan eginen da Berako Liburutegian.

Zalantzaren bat izanez gero, Berako liburutegira deitzen ahal da 948 62 55 02 telefonora eta Beatriz liburuzainari galdetu.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun