Bortzirietako eskola publikoek joku topaketa egin dute

TTIPI TTAPA 2007ko urr. 10a, 15:45

Asteazken goizean Etxalarren eta Arantzan bildu dira

Bortzirietako eskola publikoetako neska-mutikoek joku topaketa egin dute gaur goizean Etxalarren eta Arantzan. Honela, Bortzirietako haurrak jolasa eta euskararen bidez elkartu dira. Etxalarren ttikienak bildu dira, Lehen Hezkuntzako lehen, bigarren eta hirugarren mailakoak. Arantzan, berriz, laugarren, bosgarren eta seigarren mailakoak. Duela zazpi urte ekin zioten lehenbiziko aldiz joko topaketa antolatzeari, helburu xume bezain politarekin: goiz batez, bortz herrietako eskola publikoetako Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek elkarrekin eta elkarren artean euskaraz jolastea.

Urtero hiru jolas aukeratzen dituzte talde bakoitzarekin egiteko. Aurtengoan armiarmarena, azeria eta oiloa eta Gurutze Gorria hautatu dituzte. Joko batzuk konpetitiboak dira, bertze batzuk kooperatiboak edo elkar laguntzekoak. Jolas horiek nork bere eskolan praktikatzen ditu ongi ikasi arte. Joko topaketaren egunean talde bakoitzeko ikasleak 9 azpitaldetan banatzen dituzte eta azpitalde bakoitzean maila eta eskola desberdinetako ikasleak nahasten dituzte, elkar eraginean ari daitezen.

Bortzirietako eskoletako irakasleen ustez hagitz esperientzia aberasgarria da joku topaketa, harremanak ez ezik, bertze helburu aunitz ere jorratzen dituztelako. Errate baterako, euskararen erabilera sustatu, inguruko herriak ezagutu eta hezkidatza sustatzeko baliagarriak dira topaketa hauek. Erran beharrik ez da, helburu hauek lortzeaz gain, neska-mutikoek ederki pasatzen dutela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun