Nafarroan 8 ikastetxek parte hartu behar dute Nafarroako Kutxak bultzatzen duen Tribucan izeneko proiektuan, Espainiako estatu osoan aginen den lehen proba-piloto gisara, eta ikastetxe hoietako bat Berako Toki-Ona Institutua da. Berako institutuaren kasuan DBHko hirugarren mailako hogei ikasle arituko dira arduradun eta solidarioen hezkuntzan gizartea laguntzaile izatea nahi duen proiektuan. Aurtengo lehen edizio honetarako Sri Lankako Galle inguruan tsunamiak kaltetutako populazioa laguntzeko proiektua gauzatu nahi dute. Lana lau fasetan gauzatuko da: lehenbizikoan, Sri Lankaren testuingurua ezagutuko da, bigarrenean tsunamiaren ondorioak aztertuko dituzte, gero proiektuko ekintzaile izateko behar diren ezaugarriak landuko dituzte eta azkenik, proiektu solidarioa egin beharko dute.
Institutuan proiektu honen arduraduna Alex Gaztañazpi irakaslea da eta berak aipatu digunez, Toki-Ona institutuaren kasuan, DBHko hogei bat ikasle murgilduko dira proiektu honetan urrian eta azaroan. Jose Antonio Marina irakasle eta filosofoa da proiektu honen bultzatzaileetako bat eta aurkezpenean erran zuenez, Haur bat hezteko tribu osoa behar da. Alex Gaztañazpik aipatu digunez, “esaldi horrek laburbiltzen du Tribucan proiektuaren filosofia: hezkuntzaren lana ez da bakarrik guraso edo ikastetxeena. Gizarte osoa murgildu behar da lan horretan”.
Hezkuntzaren ikuspegi baikorra
Hezkuntzari buruz gauza negatiboak, kejak aditzen dira sarritan, baina proiektu honek optimismoa bultzatu nahi du, Toki-Onako irakaslearen erranetan. Proiektu honen aurkezpenean gazteak sobera erosoak eta pasiboak direla aipatu zen eta iniziatiba hartzen eta arazoak moldatzen ikasi behar dutela… Horretantxe lagundu nahi luke Tribucan proiektuak. Hain zuzen, Nafarroako zortzi ikastetxe hauek aitzindari izan dira Espainiako estatu osoan. Heldu den ikasturtean estatu osoko ehun bat ikastetxetara zabaltzea espero da