Migrazioaren gaia orain zazpi-zortzi urte lantzen hasi zen gure eskualdean. Dena den, migrazioaren fenomenoa ez da gaurkoa. Bortzirietan migrazioaren gaia zenbait eragile lantzen ari dira eta helburua kultura aniztasunaren egoera berri honetan elkarrekin bizitzen ikastea da. Bortzirietako euskara mankomunitateak eta oinarrizko gizarte zerbitzuen mankomunitateak errealitate hau ikusirik, hausnarketa egin zuten eta horren ondorioz, aldizkari eta topaketa batzuk egiten dira.
Jaialdi handia igandean Beran
Aurten Bortziriak Mugarik Gabe topaketak Etxalar, Lesaka eta Beran egin dira eta urriaren 7an jaialdia izan da Berako Ricardo Baroja ikastetxeko frontoian. Eguraldia lagun, aunitz jende hurbildu zen ikuskizunaz gozatzera eta ez bakarrik atzerritarrak. Herritarrek ere sostengua eman nahi izan diote topaketen azken egunari. Lehenik bertsolarien saioa egin zen Xabier Silveira eta Julen Zelaietarekin. Ondotik Hego Ameriketako eta Bortzirietako dantza taldeen eskutik, folklore erakustaldia egin zen.
Etorkinen eskubideen aldeko manifestuaren irakurketa eta sinadura ekitaldia egin zen. Aipatu moduan, futbol txapelketa azkarra egin da eta igandean sari banaketa egin da. Honakoak izan dira saritutako taldeak: 1.Los Julianos 2.Amigos 3.The Tieso Los Julianos talde irabazleak garaikurra eta Zalain jatetxean bere partaideentzat afaria irabazi zuen. Kiroltasunaren saria irabazi zuen Amigos taldeak.
Musikak ere tarte bat hartu zuen eta hizkuntza ezberdinetan kantatutako abestiak aditzeko aukera izan zen. Eta musikarekin jarraituz, Berako abesbatzak ere saiotxo bat eskaini zuen. Besteak beste, “Maite”, “Festara”, …eskaini zituzten. Euskal Herrian eta baita atzerrian ere, topaketetan gastronomiak tarte handi bat hartzen du. Honela, Atzerriko plater eta gustagarriak eskaini zituzten: Taloak, mojitoa, Argentinako haragia, goxoak, pintxoak…