Giltzarri Abesbatzak antolatuta, mendialdeko bakarlariek kontzertua eskainiko dute Lesakako San Martin elizan, larunbat arratseko meza ondotik. Sergio Martinez pianojolearen laguntzaz, Josune Makibar soprano legazpiarra, Elizondoko Javier Arizmendi tenorea, Elbeteko Mari Jose Alaña mezzosopranoa eta Pablo Azpeitia baritono iruñearraren ahots bikainak aditzeko aukera izanen da.
Mari Jose Alaña mezzosopranoak Bach-en “Bist du Bei Mir”, Stadellaren “Pieta, Signore” eta Fauréren “Après un rêve” eskainiko ditu bakarka; Javier Arizmendi tenoreak Haendelen Xerxesek operaren “Ombra mai fu”, Guastavinoren “Pueblito mi pueblo” eta Iparragirreren “Nere maitiarentzat” eta “Kantari euskalduna” eskainiko ditu bakarka; Josune Makibarrek Duboisen “Ovos Omnes”, haendelen “Lascia ch’io pianga” eta Pucciniren “O mio Babbino Caro” eskainiko ditu bakarka; Pablo Azpeitia baritonoak Guridiren “El Caserio” zarzuelaren seigarren zortzikoa eta Bizeten Carmen operako “Toreador” eskainiko ditu bakarka.
Binaka eta denak batera
Binaka ere arituko dira lanean: Javier Arizmendi tenoreak eta Pablo Azpeitia baritonoak Fauréren “O Jesu mi” kantatuko dute elkarrekin eta Josune Makibar sopranoak eta Mari Jose Alaña mezzoak Lakmeren Duetinoko “Viens Mallika” eskainiko dute. Emanaldia akautzeko, lau kantariek elkarrekin Rameauren “Canto de la noche” abestuko dute.