Espainiako Opena ere irabazi du Xabier Telletxea igantziarrak

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 3a

Xabier Telletxea txirrindulari igantziarrak Espainiako Mendi Bizikleta Opena irabazi du. Igande honetan, Galdakaon jokatu zen txapelketa ireki honetako azken proba eta Igantziko Biltokiko txirrindularia hirugarren izan zen. Halere, aitzinetik abantaila koxkorra zuela eta sailkapen orokorrean bigarren izan den Jose Manuel Verviá galizarra Bizkaiako proban seigarren izan zela kontuan hartuz, azkenean nahiko garaipen erraza izan da Telletxearentzat.

Galdaokokoa baino lehen bertze bortz proba izan ditu txapelketa honek, hiru Lleidan, Kastellongo Vall D’Uson eta Andorran. Xabier Telletxearentzat denboraldi bikaina da aurtengoa. Izan ere, uztailaren 22an Espainiako Mendi bizikleta jautsiera irabazi zuen Kantabrian lehen aldiz. Espainiako Opena, berriz, bigarren aldiz irabazi du, duela bi urte ere bera izan baitzen garaile. Baina joan den urtean bizkarreko minez ibili zen eta ezin izan zuen txapelketetan mailarik gorenean ibili. Horregatik, aurtengoan poza bikoitza izan duela aipatu digu Telletxeak, garaipena lortzeagatik eta min horiek gainditu dituelako.

Guak Openean ere lider

Dena den, denboraldia ez da akautu oraindik Igantziko txirrindulariarentzat. Izan ere, azaroan Katalunian, Open Guak lehiaketarako baliagarria den bertze proba batean parte hartuko du. Open Guak honetan ere lehen postuan dago Xabier Telletxea eta garaipena lortuz gero, urte ezin hobea borobilduko luke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun