Asier Apezetxeari buruzko lerro batzuk idatzi genituen joan den alean. Denboraldi hasieran garaipenik ez badu lortu ere, joan den irailaren 23an Gorlizen (Bizkaia) Euskadiko Mendi Bizikleta Maratoian txapeldun izan zen. Iaz Patxi Cia ultzamarrak irabazi zuen txapelketa bera, aranztarra azpitxapeldun geldituz. Aurten, ordea, Asierrentzat izan da garaipena. Euskadiko txapelketa, baina modalitate normalean (ez maratoian) Asier bigarren izan zen Ciaren ondoren. Maratoiak ez diren bertze ibilaldiak 35-40 kilometrotakoak izaten dira; Gorlizen egindako lasterketak 52 kilometro inguru izan zituen. Asierrek Xorroxin Irratiari eskainitako elkarrizketan aipatu moduan, «ederki kostata, baina lasterketa irabazi nuen». Guztira bi ordu inguruko maratoian Unai Yus eta Jabier Ruiz de Larrinaga izan omen zituen areriorik gogorrenak. Azkenean txapela berak eskuratu du. Hurrengo hilabeteetan lasterketa saila dituela adierazi zuen Asierrek, Diario de Navarra Opena tartean, urriaren 21etik abenduaren 9ra bitartean eginen dena. Hortaz aparte, Berako Katea Bikeren izenean ere, ziklokross txapelketetan parte hartzeko gogoa du. Ikusiko da, bere ustez, lana eta zaletasuna uztartzea zaila delakoz. Zorte on!