Euskara Batzordea birsortzeko informazio bilera egin da

TTIPI TTAPA 2007ko urriaren 1a

Duela pare bat aste, Euskara Batzordea berriz ere eratzeko bilera egin zen Udaletxean. Azken urteotan Euskara Batzordeak berez duen indarra galdu ondoren, berrindartzeko eta berriz ere lanean hasteko asmoa azaldu da Udaletik. Hori dela eta, herriko eragile eta entitate ezberdinetako lagunak biltzeko deialdia egin zen irailaren 13an. Dozena bat lagun bildu ziren eta Gazte Asanbladako, Ekaitza Elkarteko, eskolako, Guraso Elkarteko eta Udaletxeko ordezkariak hartuz Euskara Batzordea osatu da. Lagun horiekin batera nahi duen orok parte hartu dezake Euskara Batzordeak egiten dituen bileretan. Bertzeak bertze, euskararekin loturiko ekimenetan lanean jardun nahi da Euskara Batzordean: Bai Euskarari egitasmoa, UEMA, Korrika, Nafarroa Oinez... eta suerta daitezkeen hainbat egitasmotan parte hartuz. Horrez gain, urtean zehar izan daitezkeen bertzelako ekitaldiak antolatzeko orduan guztien arteko lana bulkatu nahi du: hurbilen dugun data gainera, Kultur Egunena da, eta tartean aspaldiko urteetan Ekaitza Elkarteak azaroaren 1ean antolatzen duen Baserritarren Eguna. Nolanahi ere, Batzordea hilean behin bilduko da, eta hurrengo bileran lagun gehiagok parte hartzeko hitza emana dutela adierazi digu Ainara Maia alkateak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun