Mikel Aizpurua eta Beti zakurra garaile Artzain Zakur Lehiaketan

Oskar TXOPERENA 2007ko urriaren 1a

Argazkiak: Oskar TXOPERENA - Artzain zakur lehiaketako irudia eta gazta lehiaketako lehen hiru sailkatuak. TTIPI TTAPA

Gazta lehiaketan Amalia Seinek irabazi zuen lehen saria

Urtero bezala, San Migel besten aitzineko asteburuan hainbat ekitaldi egin ziren: gazta eta artzain zakur lehiaketa, herriko haurren herri-kirol erakustaldia... IV. Gazta Lehiaketara guztira 12 aurkeztu ziren, aitzinek urtean baino bat gehiago. Bortz laguneko epaimahaiak Amalia Seinen gazta aukeratu zuen; bigarren postua Enkarna Etxeberriarentzat izan zen, eta hirugarrena Elena Retegirentzat. 100, 75 eta 50 euro eta oroigarriak jaso zituzten, hurrenez hurren. Arratsaldean, irabazlearen gazta enkantean atera zen, eta sagardo kaxarekin batera 75 eurotan eraman zuten.

Egun berean egin zen aurten XXVIII. aldiz Artzain Zakur Lehiaketa. Eguraldi ona baldin bazen ere, jende gutti hurbildu zen. Zortzi bikoteen artean, Mikel Aizpurua oiartzuarra eta Beti zakurra izan ziren irabazleak. Bigarren postua ere Gipuzkoara joan zen, Aiako Peio Pagadizabalek eskuratu zuen, Alai txakurrarekin. Eta hirugarren lekua Iparraldeko Jean Paul eta Txintxo zakurrarentzat izan zen.

Inguru honetako artzaiak podiumetik kanpo gelditu ziren. Laugarren postua Felix Irigoien amaiurtarrak erdietsi zuen, Pello zakurrarekin; bosgarren ere amaiurtar bat gelditu zen, Joxe Mari Istillart eta Xarpa. Oronoz-Mugairiko Jorge Oteiza seigarren izan zen Amets zakurrarekin; zazpigarren Miguel Garaiar oiartzuarra eta Linda eta zortzigarren Jose Antonio Ormazabal eta Yuma zakurrarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun